Milaka bozka atzeman ditu Guardia Zibilak Igualadan

Guardia Zibilak 2.500.000 boto-paper, 4.000.000 gutun-azal eta 100 hautestontzi atzeman omen ditu Igualadako (Bartzelona) biltegi batean, EFE berri-agentziak polizia iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Alabaina, Marc Castells (PDeCAT) Igualadako alkateak ukatu egin du hautestontziak konfiskatu dituztela eta ohartarazi du herritarrengan «etsipena» sortzea dela polizia-operazio horren helburua.

Biltegiko arduradunek Guardia Zibilari azaldu diote hautestontzi horiek ez zirela igandeko erreferendumerako, Bartzelona futbol taldearen hauteskundeetarako prestatuta zeudela, Agusti Beneditok egungo zuzendaritzaren kontra zentsura-mozioa aurkeztu behar zuela eta.

Igualadako alkatea aipatu enpresara joan da, hango langileei babesa helarazteko eta miaketa «legearen baitan» egiten ari zirela egiaztatzeko.

Joan den irailaren 20an, ia 10 milioi boto-paper atzeman zituen Guardia Zibilak Bartzelonako Bigues i Riells herrian dagoen pabilioi batean.