Masermic bere lehen eguzki planta garatu du Txinan

Masermic sistema elektronikoen ingeniaritzan eta fabrikazioan espezializatutako enpresa da, eta Mendaron (Gipuzkoa) du bere egoitza. Azkenaldian, arrakastaz amaitu du Xinjiangen (Txina) kokatutako eguzki-plantaren garapena. SBP Sonne partner alemaniarrarekin batera, 15.000 heliostatok osatzen duten 50MWko planta hau garatu du, egunean 22 orduz sarea energiaz hornitzeko gai dena, 20.000 etxe baino gehiagotara eta inguruko industriara iritsiz. Gainera, urtean 25.000 tona CO2 gutxiago isurtzea lortu da. 

Instalazio honetan dauden heliostatoak Masermic eta SBP Sonnek garatu eta patentatutako STELIO izeneko teknologia berritzailean oinarritzen dira. Hiru urteko ikerketa eta garapenaren ondoren, teknologia hau sektoreko nazioarteko kongresu batzuetan saritua izan zen bere berrikuntzagatik. “Hegoafrikan eta Txinan sarituak izan ginen. Lehen aldia zen txinatarra ez zen enpresa bati kategoria horretako sari bat ematen zitzaiona. Aitorpen horiek asko lagundu ziguten nazioartean, eta orduan Txinak gure produktuan arreta jarri zuen, eta parte hartzeko aukera eman zigun, gure lehen kontratua lortuz”, Jesus Maria Iriondo Arrizabalaga Masermiceko zuzendari nagusiak azaldu duenez. 

Prozesua 2018an hasi zen ingeniaritzaren garapen guztiarekin, heliostatoak (bakoitzak 5 metroko altuera eta 4 metroko zabalera), kontrol elektronikoko sistemak eta planta osoaren mantentzea kontrolatzen duen softwarea landuz. 2020an planta martxan jartzea aurreikusita zegoen, baina pandemiak dena geldiarazi zuen. Orduan, Masermicek eguzki-plantaren biki digital bat garatzea lortu zuen bere egoitzan. Horrela, softwarearen bidez plantako elementu guztiak konfiguratu ziren, eta haien funtzionamendu egokia ziurtatu zen, dena Menadaroko egoitzatik. 

“Esperientzia horri esker, eguzki-plantak martxan jarri eta urrutiko mantentze-lanak egin ahal izan ditugu. Horrek asko arintzen du plantaren prozesua, sistemen konponketa, haren eguneratzea eta berrikuntza. Gainera, askoz ere kostu txikiagoa lortzen da bezeroarentzat”, azaldu du Masermiceko zuzendari nagusiak. Azkenean, planta 2022ko erdialdean jarri zen martxan. 

Hau da Masermicek Txinan eguzki-sektorean duen lehen proiektua. Orain, Gipuzkoako enpresa bigarren planta bat garatzeko prozesuan dago bezero berarekin, Hamirekin, eta hirugarren bat beste bezero batekin. 

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.