Euskadiko Elikagaien Balio Kateak I+Gn oinarritutako proiektu arrakastatsuak aurkeztu ditu, enpresetan berrikuntza eta ekintzailetza aktibatzeko

SONY DSC

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak «Elikagaien Berrikuntzaren Transferentzia Euskadin» jardunaldia egin du gaur. Jardunaldi horretan, Euskadiko Elikaduraren Balio Kateko zenbait enpresak berrikuntzan eta I+Gn oinarritutako proiektuen emaitzak eman dituzte ezagutzera. Euskadiko nekazaritzako elikagaien eremuan berrikuntza eta ekintzailetza aktibatzeko inspirazio-iturri izan nahi du topaketak.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek hasiera eman dio jardunaldiari, eta nabarmendu du, Elikagaien Balio Katearentzat ziurgabetasun garai baten ondoren, pandemiaren ondorioz eta, batez ere, Ukrainaren inbasioarekin, arreta jarri dela elikagaien ekoizpenaren jasangarritasunean. «Digitalizazioa eta teknologia enpresen erronken artean egon behar dira; aldaketa-prozesu horietan, berrikuntza izan behar da enpresak kontsumitzaileen garai eta eskari berrietara egokitzen lagunduko duen palanka» – gehitu du sailburuordeak.

Eusko Jaurlaritzak, espezializazio adimenduneko Europako RIS3 programa aplikatuz, ekintzailetzarako interes handiko berrikuntza-eremuak lantzen ditu, hala nola elikaduraren araberako nutrizio pertsonalizatua, zahartze osasungarria, iturri alternatibo berrien garapena edo elikadura-ekipoen robotika eta teknifikazioa.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak 30 milioi euro bideratuko ditu guztira Elikaduraren Balio Katean berrikuntzak egiteko. Horietatik 6 milioi euro banakako proiektuak babesteko emango zaizkie enpresei, I+G+Brako, digitalizaziorako edo bioekonomiarako finantza-laguntzen bidez, edo modu kolektiboan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresa eta eragileen arteko dinamismoa sustatzeko lankidetza-neurri gisa.