Lehorteen, suteen eta uholdeen alertarako ClimAlert plataforma EBko Lurzoruaren eta Elikagaien Osasunaren Misioan eta hura babesteko 2030erako estrategian txertatzen da. Neikerrek ordezkatzen du bertan Euskadi, eta Interreg Sudoe EBko hego-mendebaldeko eskualde arteko programak finantzatzen du.

dried up empty reservoir and dam during a summer heatwave, low rainfall and drought in Saxony, Germany, Talsperre Lehnmuehle

Ziurgabetasun meteorologikoa gero eta nabarmenagoa delarik planetan, ClimAlert plataforma irtenbide gisa aurkezten ari da, gizartea fenomeno atmosferiko kaltegarrien aurrean informatuta mantentzeko planetako gune kaltetuenetako batean, Europa hegoaldeko eskualdean, Frantziako hegoaldea, Espainia eta Portugal hartzen dituen SUDOE delakoan.

Hainbat iturritako datu meteorologikoetan eta sarbide libreko datuetan oinarritutako tresna digitala da, eta alerta aurreratuak eskaintzen ditu muturreko baldintza meteorologikoei buruz, hala nola uholdeei, lehorteei, lurzoruaren higadura arriskuari edo suteei buruz. ClimAlertek klima aldaketa eskualdean eragiten ari den ondorio gero eta agerikoagoei erantzun nahi die, horien artean egonik tenperaturen eta itsas mailaren igoera, beharrezkoa baita horietarako neurri aurreratu eta berritzaileak hartzea.

NEIKERek, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, ClimAlert ekimenaren garapenean parte hartu du, zeina hainbat informazio iturritatik elikatzen baita, SUDOE lurralde osoko estazioen datu meteorologikoak zein gizarte osoarentzat eskuragarri dauden datu satelitalak bilduz, hala nola Europako Espazio Agentziaren Sentinel eta NASAren Landsat sateliteetakoak.

Ura hobeto kudeatzeko teknologia

“Informazio guztia bilduta, plataformak aukera ematen du aldagai klimatikoak aztertzeko, horien artean eremu espezifiko bateko tenperaturak edo prezipitazioak, bai iraganean, bai etorkizun hurbilean. Gainera, alertak igortzeko aukera gaitu daiteke muturreko baldintza meteorologikoak gertatzen badira”, Gorka Landeras NEIKEReko Landare Babes eta Ekoizpen departamentuko ikertzaileak azaldu duenez.

Tresna dagoeneko eskuragarri dago publiko orokorrarentzat webgune honen bidez. Datuak eskuratu ahal izateko, beharrezkoa da alta ematea eta plataformak dituen algoritmoak hedatu diren gune pilotu batzuetan sartzea.

Informazioa eta alertak eskaintzeaz gain, ClimAlertek tresna bisualak eskaintzen ditu, egoera klimatikoen bilakaera ulertzen laguntzen dutenak: “Mapa interaktiboen, grafikoen eta alerta pertsonalizagarrien bidez, muturreko gertaerak monitorizatu eta horien bilakaera azter daiteke, eta alerta klimatikoak ezarri eta horien ondorioak arintzeko estrategiak proposa daitezke”, dio ikertzaileak.

Erabilgarritasuna frogatua

Martxan jarri zenetik, ClimAlert plataformak hainbat aldiz erakutsi du bere erabilgarritasuna. Urte honen lehen erdian oso baliagarria izan da Euskadiko lehortea monitorizatzeko, eta informazio baliotsua eman du euskal administrazio publikoek erabakiak har ditzaten.

Eta 2021ean ClimAlertek Frantziako uholde baten inpaktua minimizatu zuen, Garona ibaia bere historiako uholde-atalase altuenetara iritsi zenean. Muturreko egoera horrek hondamendi natural handia eragin zezakeen, baina proiektuaren esparruan garatutako alerta goiztiarreko tresnei esker aurreratu eta kontrolatu ahal izan zen neurri handi batean. Garona Ertaineko eta Hego-mendebaldeko Klimatologia Elkarteak (ACMG), proiektuaren bazkideak, ibai-emaria handituko dela aurreikusi ahal izan zuen, eta horren berri eman ahal izan zien agintariei, bereziki, eta herritarrei, oro har, kalteak prebenitzeko.

ClimAlerti buruz

ClimAlert plataforma teknologikoa Interreg Sudoe programak finantzatutako Europako proiektu homonimo baten emaitza da, klimaren muturreko eragin potentzialei buruz ohartarazteko tresna digital bat garatzeko, horien artean egonik lehorteak, suteak, uholdeak eta lurraren higidura, eragile publiko eta pribatuei erabakiak hartzen laguntzeko helburuarekin, uraren eta lurraren higaduraren kudeaketa efizientea lortzeko.

NEIKERez gain, tresna abian jarri duen partzuergoko kideak hauek dira: Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusia (CSIC), Murtziako Nekazaritza eta Ingurumen Ikerketa eta Garapenerako Institutua (IMIDA) eta Murtzia Eskualdeko Herritarren Segurtasunerako eta Larrialdietarako Zuzendaritza Nagusia (DGSCE) (Espainia); Association Climatologique de la Moyenne-Garonne et du Sud-Ouest eta Chambre D’Agriculture Dordogne (Frantzia) eta Comunidade Intermunicipal Viseu Dão Lafões (Portugal).

Ekimena Lurzoruaren eta Elikagaien Osasunaren Misioa babesteko sortu da, 2030erako Lurzorua Babesteko EBren Estrategian finkatutako helburuak lortzeko. 2022az geroztik, Euskadik ere badu Lurzorua Babesteko Estrategia propio bat.