Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak agerraldia egin du gaur Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, Gobernu Kontseiluak joan den apirilean onartutako dirulaguntzen araubidea erregulatzeko Legearen proiektua aurkezteko.
Proiektuak berdintasunean, ingurumenean eta gastu publikoaren kudeaketaren efizientzian eta eraginkortasunean jartzen du arreta. Era berean, ezartzen du honako hauek ezin izango dutela dirulaguntzarik jaso:
- Sexuan oinarrituta diskriminatuko duen inongo jarduera.
- 50 langiletik gorako enpresak, sexu-jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez dutenak.
- Ekonomia zirkular baterako kutsatutako lurzoruetan eta hondakinetan arau-hauste larria edo oso larria egiteagatik zigortutako pertsona fisiko edo juridikoak.
Lege-proiektu honek ez du aurreikusten beste euskal administrazio publiko batzuek —hala nola foru-aldundiek eta gainerako toki-erakundeek— kudeatu eta ematen dituzten dirulaguntzak erregulatzea. Gaur egun, lurralde historikoetako Batzar Nagusiek erregulatuta dute gai hori, eta, bestalde, erregulaziotik kanpo utzi dira udalak, aplikazio orokorreko oinarrizko araudi bat dagoelako.
EAEko 2023rako Aurrekontu Orokorren Proiektuak 3.000 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu Euskadiko sektore publikoaren dirulaguntza-jarduerara. Zenbateko horrek erakusten du jarduera horrek zer-nolako garrantzia duen Euskal Administrazio Publikoaren jarduera ekonomiko osoan.
Euskadi autonomia-erkidego aitzindarietako bat izan zen dirulaguntza eta bestelako laguntza publikoen araubidea erregulatzen, Estatuak Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra onartu baino sei urte lehenago.