Bizkaiko foru errepide sareko 47 mendateek txirrindularientzako informazio-seinaleak izango dituzte

Bizkaiko Aldundiak txirrindularientzako informazio-seinaleak jarriko ditu Bizkaiko foru errepide sareko 47 mendateetan, kirol hau egiten duten pertsonek egiten dituzten igoeren ezaugarri nagusiak ezagut ditzaten. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak ekimen hau kokatu du Aldundiak Bizkaian zaletasun handia duen eta gure lurraldean kirol hau praktikatzeko agertoki ezin hobea aurkitzen duen kirolari ematen dion babesaren barruan.

Jakinarazi duenez, seinaleak portuaren hasieran (isurialde bakoitzean, hala badagokio) eta gailurrean egongo dira, igoeraren datu nagusiak erakutsiz: luzera, kota goreneko altitudea, desnibela, batez besteko malda eta gehieneko malda. Gainera, igoera bakoitzaren hasieran eta amaieran dauden seinale horiek mugarri kilometrikoekin osatuko dira, gailurreraino geratzen den distantzia eta dagokion kilometroaren batez besteko malda adieraziz.

Txirrindulari asko ibiltzen direnez errepide horietan, seinaleztapenak gogoraraziko die bide-erabiltzaile guztiei nahitaez gorde behar dutela 1,5 metroko gutxieneko distantzia aurrerapenetan, hori funtsezko araua baita txirrindularien segurtasuna errespetatu eta bermatzeko.

Seinaleak 2023an hasiko dira jartzen, eta erraz identifikatuko dira kolore gorriagatik, baina sei mendate horiz seinaleztatuta egongo dira; Frantziako Tourreko bi etapetako igoerak dira, Bizkaiko errepideetatik igaroko direnak Grand Départ Pays Basque 2023an: Unbeko igoerak Laukiztik, San Pelaioko igoera Bakiotik, Aretxabalganekoa Morgatik, eta Viverokoa Urgoititik (lehenengo etapari dagozkionak), eta Trabakuakoa Berrizetik eta Milloikoa Markina-Xemeindik (Amorebieta-Etxanon hasiko den hirugarren etapari dagozkionak)

Seinaleztatuko diren portuen zerrenda
  • Andraka, Maruriko isurialdetik eta Plentziakotik.
  • Aretxabalgane, Larrabetzu eta Morgatik
  • Avellaneda, Otxaran eta Sopuertatik
  • Bizkaiko Balkoia, Zugastietatik
  • Barazar, Zeanuritik
  • Bezi, Sopuertatik
  • Bikotx-gane, Arteaga eta Orozkotik
  • Dima, Dimatik
  • Gerekiz, Muxika eta Olabarritik
  • Goiuria, Iurretatik
  • Gontzegaraigane, Bolibar eta Munitibarretik
  • Humaran, Gueñesetik eta Sopuertatik
  • Jata, Bakiotik
  • La Escrita, Karrantzatik
  • Las Muñecas, Sopuertatik
  • Lekoitzgane, Aulesti eta Markina-Xemeindik
  • Milloi, Plazakolatik (Markina-Xemein)
  • Muniketagane, Arriandi (Iurreta) eta Ibarruritik (Muxika)
  • Nabarniz, Uarkatik (Arratzu)
  • Paresi, Busturia eta Soietxetik (Mungia)
  • Errigoitia, Olabarri eta Gernikatik
  • San Kosme, Gordexolatik
  • San Pelaio, Bakio eta Bermeotik
  • Sarasola, Artea eta Zeberiotik
  • Sollube, Bermeo eta Larrauritik
  • Trabakua, Berrizetik
  • Ubal, Karrantzatik eta Lanestosatik
  • Unbe, Laukiz, Loiu eta Plentziatik
  • Urkiola, Mañariatik
  • Vivero, Urgoititik.
Foru errepide sareko mendateen ezaugarriak

Bizkaiko errepide-sarean banatutako 47 mendateetatik, Dimakoa da luzeena, 10.410 metrorekin, Bikotx-gane (Orozkon barrena, 8.480 m) eta Bizkaiko Balkoia (Zugastietan barrena, 8.230 m) baino ia bi kilometro gehiagorekin. Mendate laburrenen artean, Avellanedak (Otxaran) 1.650 metroko ibilbidea du, Gertekizek (Olabarri) 1.720 metrokoa eta Gontzegaraiganek (Munitibar) 2.090 metrokoa.

Altuerarik handienak Urkiola (769 metro), Ubal (638 metro) eta Barazar (607 metro) mendateei dagozkie. Txikienak Andraka (139 metro), Milloi (165 metro) eta Gerekiz (172 metro) mendateei.

Garaiera handienaz gain, Urkiolak du desnibel handiena (579 metro), Ubalek 482 eta Dimak 454. Desnibel gutxien dutenak Gerekiz (Olabarritik, 79 metro), Avellaneda (Otxaranetik, 105 metro) eta Sarasola (Zeberiotik, 108 metro) dira.

47 mendateetatik 15ek % 10etik gorako gehieneko maldak dituzte, eta Paresi mendatea da (Busturiatik barrena) arrapala gogorrena, % 15,2koa. Bikotx-ganek Arteatik gehienez % 13,5eko malda du, eta Urkiolak eta Soietxeko Paresiko isurialdeak % 13,1eko gehieneko maldak dituzte. Aitzitik, Sarasola Zeberiotik (% 5,2) eta Andraka Maruritik (% 5,9) dira % 6tik beherako gehieneko malda duten mendate bakarrak. Azkenik, % 6,1ekoa da Plentziatik Unberako igoera.

Batez besteko maldei dagokienez, Bikotx-ganek (Arteatik) eta Urkiolak % 8,8ko batez besteko aldapa dute, 4.760 eta 6.020 metroko ibilbidean, hurrenez hurren. Halaber, Bermeotik Solllubera igotzeko 4.300 metroko batez besteko aldapa % 8,15ekoa da. 47 mendateetako batez besteko maldarik leunena Sopuertako Humaran da, 8 kilometroko ibilbidean % 2,2arekin. Unbe (Plentziatik, % 2,5) eta Sarasola (Zeberiotik, % 3,4) dira foru-sareko porturik leunenak.