Osakidetzaren Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak 4.250.000 euro inbertitu ditu erradiodiagnostikoko ekipamendu berrietan

Osakidetzaren Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erradiodiagnostikoko Zerbitzuak bere ekipamendu teknologikoa berritu du; hots, orain, 1 OTA, 3 mamografo, 1 teleaginte eta 1 erradiologia digitaletako ekipamendu berri ditu. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean eta Portugaleteko Buenabistako eta Errepelegako osasun-zentroetan daude ekipamendu berriak. Ekipamendu guztiek azken belaunaldiko teknologia dute, eta patologiak detektatzeko eta diagnostikatzeko irudi-kalitate hobea dute. Horrez gain, pertsonek erradiazio gutxiago jasoko dute. Azken belaunaldiko teknologia hori jartzeko ia 4.250.000 euroko inbertsioa egin da.

Ohi bezala, teknologia berriak jartzeko tartean dauden unitate espezializatuen talde-lana behar izan da. Proiektuen hasieratik ekipamenduak martxan jarri arte, Ingeniaritza, Mantentze-lan eta Ingeniaritza Biomedikoko Bulego Teknikoak parte hartu du Erradiodiagnostikoko Zerbitzuarekin batera.

Ordenagailu bidezko tomografia axialeko (OTA) bi ekipamendu berri

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean instalatu den OTA azken belaunaldiko teknologia espektraleko APEX modelo bat da. Oso teknologia azkarra da; hain zuzen ere, irudi kardiakoa lortu daiteke gardentasun handiarekin taupada bakar batean. Beraz, nabarmen hobetzen da kalitatea eta erradiazioa nabarmen murriztea lortzen da. Edozein patologiarako erabil daiteke: kardiakoa, baskularra, torazikoa, abdominala, eskeletikoa, neurologikoa, pediatrikoa… Hura eskuratzeko eta martxan jartzeko, 1.527.000 euroko inbertsioa egin da.

Tomografia konputerizatu espektralean, irudiak energia ezberdineko X izpien bi sortaren bidez hartzen dira; horri esker, organo eta ehunen dentsitateak bereiz daitezke eta gardentasun handiko irudiak lortzen dira. Horrek gaixotasunen detekzioa, diagnostikoa eta kudeaketa hobetzen ditu.

Gainera, irudi espektral horiek eta prozesatu osteko aplikazio aurreratuek beste abantaila asko eskaintzen dituzte. Garrantzitsuenen artean hauek daude, pazientearen segurtasuna hobetzen laguntzen dute eta: dosi erradiologikoa murriztea eta pazienteari eman behar zaien kontrastearen kopurua murriztea.

Gainera, estaldura handia duenez (8 eta 16 cm artean), denbora txikian egin daitezke miaketak. Alderdi hori bereziki garrantzitsua da haurren eta adinekoen arretan, bai eta mugikortasun handiko organoak, bihotza kasu, aztertzean.

Ekipamendu berriek, gainera, aurrerapenak dituzte adimen artifizialaren erabileran, milioika datu garbiri aplikatutako algoritmoen bidez, eta, horri esker, nabarmen hobetzen da irudiaren kalitatea.

Modelo hori Osakidetzaren Teknologia Handiko Ekipamenduetan Inbertitzeko Planaren esparruan instalatu da.

Portugaleteko Buenavistako Osasun Zentroan instalatu den OTA osasun-zentro batean instalatzen den lehena da. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan proba diagnostikoak egiteko gaitasuna handitzeko jarri da. Hura erosteko eta martxan jartzeko 665.300 euroko inbertsioa egin da.

3D teknologia duten hiru mamografo

Eskura den 3D sistema edo tomosintesia kalitate handiagoko 3Dko irudiak emateko diseinatu da; mamografia-prozedura erosoagoa pazienteentzat eta lan-fluxu hobetu bat teknikarientzat. Teknologia berri honek minbizi inbaditzaileen detekzioa sinpletzen eta hobetzen du, adina edo bular-dentsitatea gorabehera. Eskaneatze-denbora 3,7 segundokoa da, eta, bere teknologiari esker, irudi bat lortzeko dosi gutxiago behar dira. Aldi berean, proba gutxiago errepikatu behar dira, 2Dko mamografiaren aldean.

Sistema berriak pazienteen esperientzia hobetzen du; izan ere, konpresio-gainazal kurbatua du, bularraren formaren antzekoa, eta, horri esker, konpresio uniformeagoa lortzen da. Gainera, mamografo berriei esker, aldatu egin da erradiodiagnostikoko profesional sanitarioen lan egiteko modua ere: patologiaren susmoa pizten duten kaltzifikazioen biopsiaren ordez, tomobiopsia egingo da, mamografo berarekin, eta, horrela % 40 handituko da mamografiak egiteko gaitasuna.

Bi mamografo Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean instalatu dira eta bat Errepelegako Osasun Zentroan (Portugalete). Horiek erosteko eta martxan jartzeko 1.410.000 euroko inbertsioa egin da.

Erradiologiako bi ekipamendu: teleagintea eta erradiologia digitala

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erradiodiagnostikoko Zerbitzuak bere teleaginte-ekipamendua berritu du. Sistema espezializatu bat da eta, kontraste bidezko miaketetan, zuzeneko ikuspen-sistema bat du; batik bat, aparatu digestiboko, urologikoko eta ginekologikoko miaketetan eta miaketa osteoartikularretan. Ekipamendu berriarekin, dosi txikiagoa jasotzen dute pazienteek; beraz, onena da aplikazio pediatrikoetan. Gainera, lortzen den irudia kalitate handiagokoa da. Hura erosteko eta martxan jartzeko 383.000 euroko inbertsioa egin da.

Errepelegako Osasun Zentroak, bere aldetik, bere erradiodiagnostikoko ekipamendua berritu du eta erradiologia digitaleko gela berri bat dauka orain. Instalazio berriak irisgarritasuna hobetzen du, eta kontrol, kabina eta txosten-gela bana ditu. Hura erosteko eta martxan jartzeko 247.000 euro baino pixka bat gehiagoko inbertsioa egin da.

Irudi bidezko diagnostikoko proiektu berriak

Irudi bidezko diagnostikoko ekipamenduak aldizka berritzen eta instalatzen dira Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan. Aurrerapenen eta inbertsioen helburua da pazienteen segurtasun klinikoa hobetzea, asistentzia humanizatzea eta osasungintzako profesionalen espezializazio handia garatzea, herritarren onerako.

Zehazki, laster jarriko dira martxan OTA eta X izpien ekipamendu berria Larrialdietako zerbitzuan, plangintzako OTA bat Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuan, eta erresonantzia magnetikoko ekipamendu berri bat Erradiodiagnostikoko Zerbitzuan.