Informazio, hazteriaren kontrako erremediorik onena hazteria prebenitzeko kanpaina

Donostiako Udalak, Osasun Publikoko udal sailaren bitartez, eskabiosiari buruzko informazio-kanpaina bat jarri du abian, eskuarki hazteria edo sarna esaten diogun gaixotasun kasuak eta kontsultak ugaritu egin direla ikusi dugu eta.

Kanpainaren helburua ez da inolako alarmarik sortzea. Baina, nabaritu dugu jende asko ari dela joaten anbulatorioetara eta farmazietara hazteriaren kontrako erremedio eske; izan ere, gora egin du azkura handia ematen duen gaixotasun horrek erasandakoen tasak.

garaiz harrapatu behar da gaixotasuna

Udaleko Osasun Publikoko Sailak Erlauntza lantaldeen bidez antzeman du kontsulta eta kasu ugaritze hori, eta Osakidetzak berak ere ikusi du hazteria edo sarna kasuak nabarmen igo direla Donostian. Inplikatutako alderdi guztiek esaten dute garaiz harrapatu behar dela gaixotasuna, duen estigma hori kentzeko eta gaixotasuna prebenitzeko eta atzera eginarazteko informazioa izateko.

Garai batean, gizarte-maila baxuko pertsonekin lotuta zegoen hazteria, pertsona asko pilatzen diren tokiekin (kartzelak-eta), gizarte-bazterketarekin, beste arraza batzuetako pertsonekin eta antzeko kontuekin. Baina, edonori erasan diezaioke hazteriak, eta horrek dakar informazio eta prebentzio kanpaina hau egin beharra.

«Informazioa, hazteriaren kontrako erremediorik onena» da kanpaina egiteko aukeratu dugun leloa. Hala, kartel eta esku-orri batzuk atera ditugu, eta osasun-zentroetan, ikastetxeetan, egoitzetan, kiroldegietan, liburutegietan eta farmazietan utzi. Era berean, sare sozialetan eta webguneetan ere zabalduko dugu mezua.