Azken urtean baimendutako hamabi enpresa-kontzentraziok harremana izan dute euskal enpresekin

Lehiaren Euskal Agintaritzaren Kontseiluak urteko bosgarren txostena egin du MLBNk baimendutako kontzentrazio-eragiketei buruz. Bertan, euskal enpresek parte hartu dute.

12 eragiketetatik zortzitan euskal enpresa erositakoa izan zen, beste bitan eskuratzailea eta gainerako bitan bai erositako enpresa bai eskuratzailea Euskadikoak ziren.

2023ko irailaren 7a

Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA/AVC) Kontseiluak txosten bat onartu du MLBNk baimendutako kontzentrazio-eragiketei buruz, non azken urtean euskal enpresak tartean izan diren. Erakundeak bosgarren urtez jarraian landu du horrelako txosten bat, eta azken urte honetan 12 kontzentrazio-eragiketa egin dira guztira, aurreko urtean baino lau gehiago.

Oraingo honetan, 12 kasuetan kontrol esklusiboko eskurapenak izan ziren. Zehazki, zortzitan euskal enpresa zen erositakoa, bi kasutan Euskadiko konpainia izan da bestea erosi duena eta, beste bi eragiketatan, bi protagonistak euskal lurraldean zeuden.

Txostenean 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarteko eragiketak hartu dira kontuan. Kasuak MLBNri jakinarazi zitzaizkion, Lehiaren Defentsari buruzko Legean (LDL) legez ezarritako atalaseak gainditzen zirelako. Horietako lautan merkatu-kuotaren atalasea gainditzen zen; beste lautan, negozio-bolumena; eta beste lautan, bi atalaseak gainditzen ziren.

Honako hauek dira aztertu diren baimendutako eragiketak: Sidenorrek Arabako Mecanizado Cremalleras de Dirección (MCD) erosi izana; Solarpack Korporazio Teknologikoak Solaer Holding erosi izana; Ayesak Inversionesek Ibermática erosi izana; Stichting Deposititary APG Infrastructure Pool 2017-II-k Itínere Infraestructuras erosi izana; Miranza Inversiones Oftalmológicosek Veonet erosi izana; Repsol Comercializadora de Electricidad y Gasek Alterna Operador Integral enpresa erosi izana; PGGM Vermogensbeheerek Residencias de Estudiantes (Resa), Siresa Campus eta Siresa House 2 Campus erosi izana; KKR & Co-k IVI-RMA sozietateak eta ondarezko Valwealth Management, IVI RMA Global Activos Inmobiliarios eta Genesis Property Management erosi izana; Catalana Occidentek Mémora Servicios Funerarios erosi izana; Segurcaixa Adeslasek IMQ Seguros eta Grupo Igualquimesa erosi izana; Rheinmetallek Expal Systems erosi izanak; eta, azkenik, ACR II Aluminium Groupek (Aludium) Jupiter European Holdings erosi izana.

Euskal enpresak 2014tik baimendutako 84 eragiketetan

2014tik, MLBNk 812 kontzentrazio-eragiketa baimendu ditu guztira, LDLk aurreikusitako atalaseak gainditu ondoren. Horietatik guztietatik, euskal enpresek eragiketa horietako 84tan parte hartzen zuten, hain zuzen ere, kontzentrazioen % 10,22an. Urteko bataz betekoa bederatzi baimendutako eragiketakoa da, non euskal konpainiak dauden tartean. 84 horietatik ia guztiak (83) lehenengo fasean onartu dira, horietako sei konpromisoekin. Bakarra gertatu zen bigarren fasean (iaz, Mémora/Rekalde/Irache kasua).

Enpresen kontzentrazioak kontrolatzearen helburua merkatuen lehiakortasun-egitura ahultzea saihestea da. Izan ere, bai Europan, bai Espainian, aurretiazko kontrol bat dago, eta kontrol hori aldez aurretik jakinaraztea eskatzen du, eragindako enpresen negozio-bolumenaren edo merkatu-kuotaren atalase jakin batzuk gainditzen dituztenean. Eragiketa, oro har, etenda geratuko da lehia-agintaritzak baimena eman arte, baldintzekin edo gabe.

Testuinguru horretan, Lehiaren Euskal Agintaritzak MBLNk onartutako kontzentrazio-eragiketen jarraipena egiten du urtero, Euskadin kokatutako enpresei zer neurritan eragiten dieten kuantifikatzeko eta, ondorioz, erakundeak kontzentrazio horien ondorioak lehiaren ikuspegitik aztertzea komeni den baloratzeko.

Txosten osoa eskuragarri dago esteka honetan.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz 

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.