Mondragon Unibertsitateko 2023-2024 ikasturteari hasiera eman dio Lehendakariak

  • Iñigo Urkulluk Jaurlaritzaren eta Unibertsitateen arteko elkarrizketaren eta akordioaren euskal eredua goraipatu du
  • Instituzioek akordio, lankidetza, berrikuntza eta pertsonen garapenaren bidea babesten dute, unibertsitate lehiakorragoa, gaituagoa eta berritzaileagoa bultzatzeko

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun, buru izan da Mondragon Unibertsitateko 2023-2024 ikasturtearen hasiera-ekitaldian. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta ondoren Enpresagintza Fakultateko team coach eta ikertzailea den Sain Milena López Pérez doktoreak lezio magistrala eman du, eta Vicente Atxa MUko errektoreak eta, azkenik, Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldiak eman dituzte.

Lehendakariak, bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzaren eta Mondragon Unibertsitatearen arteko lankidetza eraginkorra nabarmendu du, partekatzen dituzten lau helburu estrategikoak azpimarratuz: unibertsitateak eta pertsonak trebatzea bikaintasunean aurrera egiteko; beste unibertsitate eta eragile batzuekin lankidetzan aritzea ekosistemak konektatzeko; Unibertsitate Sistema nazioartera zabaltzea nazioarteko sare eta programen bidez; eta gizartean eragina izatea kualifikazio handiko talentua sortzearen, ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren bidez.

Urkulluk azaldu duenez, Euskadik elkarrizketarako eta akordiorako eredu propioa du Jaurlaritzaren eta unibertsitateen artean, eta eredu horretan, esparru bakoitza, eragile bakoitza eta pertsona bakoitza ezinbesteko parte dira. «Gure lana, erakunde guztiena, akordio, lankidetza, berrikuntza eta pertsonen garapenerako bide hori babestea da», adierazi du.

Hala, azpimarratu du erakundeek unibertsitate lehiakorragoa, gaituagoa, berritzaileagoa eta iragazkorragoa bultzatzen dutela, «bai titulazioen oinarrian bai bizitza osoan prestakuntza-eskaintza zabalagoa eskainiko duena. Ikasleak bere prestakuntza-ibilbidean eta etorkizuneko garapenean erantzukizun handiagoa izan dezan sustatzea. Euskadin errotuta dagoen eta mundura irekita dagoen unibertsitatea bultzatzea».

Etengabeko aldaketan murgilduta dagoen gizarte honetan, Iñigo Urkulluk errealitate berri horri erantzun egokiak bilatzeko eta emateko beharra planteatu du, «dinamikoak izatera eta ikerketa eta berrikuntza gure ikuspegiaren erdigunean jartzera behartzen gaitu. Enpresa eta eragileekiko lankidetzan ausartagoak izanez».

Oñatin egin da ekitaldia eta bertan izan dira, besteak beste, Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Gobernuko Ordezkari Denis Itxaso, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi, Eider Mendoza, Mondragon Korporazioako Presidente, Iñigo Ucín, eta MUko PresidenteJavier Oleaga.

Eskaintza akademikoa MU

2023-2024 ikasturtea, gradu, master eta doktoregoko 6850 ikasle baino gehiagorekin hasiko du. Titulazio ofizialetan, 2300 ikasle berri daude. Gainera, aurtengo ikasturtean, graduko 18 titulu eskainiko ditu.