Euskadik bere jardunbide egokiak aurkeztu ditu genero-ikuspegia europako funtsetan txertatzeko

  • Berdintasun Politiken Estatuko Sarearen osoko bilkura egingo da gaur eta bihar Gasteizen
  • Emakundek koordinatzen du Euskadiko erakundeen arteko lana, Europako finantziazioa duten proiektu ezberdinetan berdintasuna txertazeko: azpiegiturak, gizarteratzeko eta laneratzeko programak edo nekazaritza eta arrantza sektorekoak, besteak beste

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendari Juan Alberdik parte hartu dute gaur Europako Funtsetan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Politiken Sarearen 17. osoko bilkuraren inaugurazio-saioan, Ogasun Ministerioko Europako Funtsen Programazio eta Ebaluazioko zuzendariorde nagusi Cristina Rehbergerrekin, Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Unitatearen Programazio eta Ebaluazioko zuzendariorde laguntzaile Mónica Garcésekin eta Emakumeen Institutuko zuzendari Ana Varelarekin batera. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako saila da, Emakunderen bitartez, gaur eta bihar Gasteizko Villa Suso Jauregian egingo den bilera honen anfitrioia. Bilera honetan, besteak beste, Euskadik Europako Funtsetan genero-ikuspegia txertatzeko dituen jardunbide egokiak aurkeztuko dira.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak funtsetan genero-ikuspegia kontuan hartzearen garrantzia gogorarazi du: «Edozein exekuzio edo inbertsio ez da neutroa generoari dagokionez. Horiek guztiek ondorio desberdinak dituzte emakumeengan eta gizonengan, zeharka edo zuzenean. Eta egiturazko jarduera publiko asko, oso garrantzitsuak, Europako funtsen mende daude. Beraz, hor genero-ikuspegiarekin eragiteak aukera ematen digu jakiteko zenbaterainoko eragina duen inbertsio batek emakumeen eta gizonen onuran «. Elgarrestaren hitzetan, «emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua lortzeko, kontuan izan behar dugu genero-ikuspegia politikak formulatzeko etapa eta arlo guztietan, gure gizarteetan dauden genero-estereotipoei eta diskriminazioari aurre egiteko «.

Emakundeko zuzendariak eskertu egin du «Berdintasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Egitura Funtsetan» Erakundearteko Talde Teknikoaren bidez Euskadin egiten ari den lana. Talde hori Emakundek sustatu eta koordinatzen du, Erakunde arteko Batzordearen esparruan. Batzorde hori 2015etik ari da lanean berdintasunaren eta genero-ikuspegiaren dimentsioa Europako funtsekin batera finantzatutako programa eta estrategietan txertatzeko. Biharko saioan, Euskaditik bultzatutako jardunbide egoki batzuk azalduko dira. Esate baterako, zaurgarritasun sozial eta/edo indarkeria matxistako egoeran dauden emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko Emaktiva programan genero-ikuspegia txertatzeko egindako lana, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 aldirako Europako Gizarte Funtsaren programa eragilean sartuta dagoena. Proiektu hori EDE Fundazioak eta Suspergintza Elkarteak sustatu dute, eta Lanbideren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien laguntza du.

Jardunbide egoki horretaz gain, Euskadik baditu beste batzuk ere, hala nola, Gasteizko autobus elektrikoak emakumeen mugikortasun-beharrak kontuan har ditzan egindako lana; desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako enplegu-ibilbideetan genero-ikuspegia sartzeko esperientzia; edo landa-ingurunean ekintzailetzan dagoen genero-arrakala murrizteko ariketa; edo emakumeek arrantza-sektorean egiten dituzten lanak ikusaraztea eta baloratzea helburu duen ekimena. Horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 aldirako Europako Gizarte Funtsaren programa eragileko laguntzetan sartuta daude.

Jardunbide egokien adibide horiek aurkezteaz gain, Europako Funtsekin batera finantzatutako programetan berdintasun-helburuen jarraipena eta ebaluazioa harmonizatzeko trebakuntza-saioa ere antolatu du Emakundek biharko.
Estatuko Berdintasun Politiken Sarea 2009an sortu zen, Europako Funtsekin batera finantzatutako esku-hartzeetan genero-ikuspegia benetan eta eraginkortasunez integratzeko azterketa- eta eztabaida-foro gisa.