Haurdunaldiaren, erditzearen eta erdiberriaroaren prozesuan inplikatutako profesionalak bildu dira ospitalean, ESI anitzeko lehen jardunaldian

Urriaren 18an (asteazkena), ESI anitzeko lehen obstetrizia-jardunaldia egin da, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Obstetriziako atalburu Rosa Larrieta doktoreak zuzenduta eta moderatuta. Honako hauek izan dira jardunaldiaren helburuak: haurdunaldiaren, erditzearen eta erdiberriaroaren prozesuan inplikatutako profesionalak biltzea, asistentziaren hainbat alderditan izandako aurrerapenak aurkeztea, asistentzia-protokolo koordinatuen proposamen berriak aurkeztea eta profesional anitzeko eztabaida zientifikoa sustatzea.

Uribeko, Barrualde-Galdakaoko, Barakaldo-Sestaoko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIetako lehen mailako arretako emaginen eta obstetren, ospitalez kanpoko kontsulta espezializatuen eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen artean egiten den haurdunaldiaren, erditzearen eta erdiberriaroaren prozesuaren etengabeko asistentzia, komunikazioa eta profesional anitzeko koordinazioa hobetu nahi dira.

Uribeko, Barrualde-Galdakaoko, Barakaldo-Sestaoko eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIetako 250 obstetra eta emagin baino gehiago arduratzen dira erditzeko erreferentzia-ospitalea Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea duten emakumeez. Berrikuntzak eta ekimenak aurkeztu dira bileran, asistentzia hobetzeko eta ESI guztietan ezarpen homogeneo eta koordinatua sustatzeko. Gainera, balio izan du bai profesional anitzeko eztabaida bat sortzeko, bai ezarri beharreko hobekuntzak eta iradokizunak jasotzeko.

Lau ESIetako profesionalen talde batek (emaginak eta obstetrak) bultzatu eta koordinatu dituzten proiektuetako bat da jardunaldia. 2021eko urrian hasi zen lanean taldea, eta hobetzeko arloak identifikatu ditu. Ildo horretan, proiektu horietako batzuen azken emaitza aurkeztu da jardunaldian.

Alde batetik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko erditzeen arloko Ainhoa Castillo emaginak Erditze Planaren eguneraketa azaldu die bertaratuei. Tresna horrek balio du haurdunaren eta profesionalen artean erabakiak hartzea errazteko, haurdunaren nahien berri izateko eta ematen diogun asistentziarekiko duen gogobetetzea hobetu ahal izateko.

Halaber, Barakaldo-Sestaoko ESIko Carmen Paz emaginak arrisku txikiko haurdunaldia kontrolatzeko protokolo-proposamena aurkeztu du. Protokolo berri hori egitearen arrazoia izan da haurdunari baliorik handiena ematen dioten prozedurak eta bisitak eskaintzea, eskura dauden baliabideekin.

Arrisku txikiko haurdunaldiaren kontrolean emaginak duen lidergoan oinarritutako protokoloa da, gainera. Hori horrela, haurdunaldian egin beharreko bisita eta proba guztien sekuentzia eraginkorra izan dadin, lehen mailako arretako emaginen eta anbulatorioetako kontsulta espezializatuen arteko koordinazioa maximizatzeko lan egin da. Barrualde-Galdakaoko ESIan jada jardunean dagoen protokoloa erreferentziatzat hartuta, lau ESIen ezaugarrietara egokitu da, eta proposamen berriak sartu dira. Azken emaitza eragile guztiek koordinatuta egin duten protokolo bat da. Datozen hilabeteetan ezarriko da, anbulatorioko arrisku txikiko kontroleko arreta berdina izan dadin gure haurdun guztientzat.

Jardunaldiari amaiera emateko, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko obstetrek eta emaginek hainbat urte lantzen daramatzaten beste bi gai azaldu dira; egoiliarren prestakuntza: simulazioa obstetrizian eta kanpoko bertsio zefalikoa.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko obstetren eta emaginen taldeak 10 urte baino gehiago daramatza simulazioa egiten obstetrizian, baita egoiliarrak krisi-kudeaketan trebatzen ere. Gainera, azken hiru urteetan, erditzeetan diharduten langile guztiak sorbalden distoziaren simulazioa egiten hasi dira. Proiektu horiek aurkeztu dituzte eta etorkizunari buruz hitz egin dute jardunaldian: simulazio hori erditzeko gelan bertan egiten saiatzea.

Kanpoko bertsio zefalikoa egiteari esker, bestalde, zefalikoak ez diren aurkezpenen kopurua nabarmen murrizten da erditzeko garaian, eta zesarea gutxiago egin behar izaten dira. Taldeak 20 urte baino gehiago daramatza arlo horretan lanean, eta urteetan zehar erabili izan dituzten analgesia motei lotutako arrakasta-tasaren emaitzak aurkeztu dituzte. Aurkeztu duten etorkizuneko proiektuaren helburua da pazienteak bere prozesuan are gehiago parte hartzea, erabakiak modu partekatuan hartzeko laguntza-tresna bat erabilita horretarako. Horrek arrakasta eta maniobrak eragindako mina doitzen ditu pazientearen ezaugarri berezien eta erabili den analgesia motaren arabera.

Haurdunaldiko Heriotzaren Nazioarteko Eguneko ekintzak

Urriaren 15a (igandea) Haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberriaren heriotzaren nazioarteko eguna izan da, eta prozesu kliniko hori artatzeko hobekuntza-proiektuaren emaitzak aurkeztu dira.

Azken urtean ospitalean egin diren neurri berriak erakusteaz gain (oroitzapenak sortzea, ospitaleko eskailera kiribila argiztatzea, profesionalak prestatzeko ikastaroa egitea Jakinsarean), hobekuntza-arlo berriak identifikatu dira, hala nola alta eman ondoren emakume horiei arreta eta laguntza ematen jarraitzea eta laguntza psikologikoa ematea, gehien behar duten kasuetan.

Gainera, jaiotza inguruko dolua ikusarazten laguntzeko, topaketak iraun duen bitartean, prozesu horretatik igaro diren familiek utzitako argazkiak eta testigantzak azaldu dira, Esku Hutsik elkartearen lankidetzari esker (Esku Hutsik haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberriaren heriotzako doluaren elkartea da).