Barakaldoko Osoko Bilkurak gaur arratsaldean onetsiko du Errekatxo eta Gorostiza auzoetarako arriskuari aurre egiteko Jarduketa Plana

Barakaldoko Osoko Bilkurak gaur arratsaldean onetsiko du Errekatxo eta Gorostiza auzoetarako arriskuari aurre egiteko Jarduketa Plana. Babes Zibilerako Udal Planaren barruan dago ekimena, eta Barakaldoko «biriki berdean» erroldatuta dauden 600 biztanle inguru babestea du xede, Ángel Madrazo Herritarren Segurtasunerako zinegotziak aurreratu duen bezala.

«Kokapen geografikoa eta ezaugarriak direla eta, arrisku ugari daude eremuan. Hori dela eta, horiek prebenitu eta erantzun erraz, arin eta eraginkor bat eman behar da larrialdi-egoeretan. Hain zuzen ere, hori egin dugu planarekin», azaldu du Madrazok.

Aholkularitza tekniko espezializatu batek prestatu du Jarduketa Plana, eta auzokideek hartu dute parte. Dokumentuaren bitartez, biztanleen, ondasunen eta ondare kolektiboaren integritateari eusteko eskuragarri dauden giza baliabideen eta baliabide materialen antolaketa zehaztu da, eta berehalako esku-hartzea bermatuta geratuko da arrisku-egoera baten ondorioz sortutako larrialdietan.

Planean jaso denaren arabera, zenbait elementuk aukera berezia dute zenbait egoera sortzeko, eta, eboluzioaren arabera, ondorio larriak ekarri ditzakete pertsonengan, ondasun materialetan eta ingurumenean. Funtsean, arrisku naturalen fokuak aztertzen dira (Loiola eta Castaños ibaiak eta uholdeak eragin ditzaketen errekak, lur-jauziak eragin ditzaketen mendi-hegal eta ezponda ezegonkorrak, baso-masen suteak…), bai eta arrisku teknologikoenak ere (suteak herriguneetan, ibai-ibilguetan kutsakorrak diren isuriak…), baina, horiez gain, arrisku sozialak deritzenak ere badaude, zeinak pertsona-kontzentrazio handiei lotuta dauden.

TOPAGUNEAK, EBAKUAZIO-BIDEAK…

Bestalde, honako hauek jaso dira planean: larrialdi-egoeran erantzuteko eskuragarri dauden baliabideak, zerbitzuetara sartzeko puntuak, auzokideentzako topaguneak arriskuaren arabera eta ebakuazio-bideak.

Hauexek dira larrialdirako aterpe gisa erabiliko diren espazioak: Barakaldoko pilotalekua (170 ohe jartzeko lekua duen kantxa batekin), Lasesarreko kiroldegia (470 ohe) eta Gorostizako kiroldegia (300 ohe).

Kanpoko laguntza istripuaren lekura hobeto iristeko asmoz, planean BI-4746 errepidearen eta N-634 errepidearen arteko lotura proposatzen da kanpoko baliabideak sartzeko topagune gisa. «Horiexek izango dira Errekatxo eta Gorostiza auzoek kanpoko laguntza hartzeko puntuak, eta Udaltzaingoak baliabideak leku horietatik bideratuko ditu esku-hartzea egin behar den eremuraino», azaldu du Ángel Madrazo zinegotziak.

Beste alde batetik, planean honako topagune hauek zehaztu dira Errekatxo auzoko auzokideentzat, arriskuaren arabera: Mezerreka kalea (hipikaren aurrean) leku altuetan uholde-arriskua badago, eta Ureta eta Mezperuza kaleen bidegurutzea beheko eremuetarako, eta Errekatxo eta Gorostiza auzoetako aparkalekuak sute-arriskua dagoen kasuetarako.

«Edonola ere, plana ondo kudeatzeko, ez da nahikoa izango larrialdi- eta laguntza-zerbitzuek jarduketa-gida oso bat ezartzea. Izan ere, ezinbestekoak dira herritarrei informazioa helaraztea eta Jarduketa Plana auzoan ezagutzera ematea. Batik bat, arriskuak ekiditeko prebentzioa hobetzeaz gain, larrialdi-egoeretarako ezarritako jarduketen eraginkortasuna hobetzen delako», azaldu du Ángel Madrazok. Aldi berean, eskerrak eman ditu herritarrek emandako laguntzagatik eta alderdi politikoek planari erakutsi dioten babesagatik.