SPRIk zibersegurtasunaz, adimen artifizialaz eta robotikaz gehiago jakiteko jarduera presentzialak eramango ditu Euskal Encounter ekitaldira

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak teknologia berriei (adimen artifiziala, robotika, zibersegurtasuna eta hacking etikoa) buruzko bederatzi jarduera dibulgatzaile antolatu ditu. Ikastaro horiek Euskal Encounter ekitaldian eskainiko dira presentzialki eta dohainik, eta baliagarri izango dira hobeto ezagutzeko eraldaketa digitalerako tresna horiek enpresa nahiz ekintzaileentzat duten potentziala.

SPRIk Euskal Encounter-era, hots, komunitate digitalaren topaketa handi honetara eramango dituen gaiak bereziki aukeratu dira teknologi horiek hobeto ezagutzeko, eskaintzen dituzten potentziala eta aukerak aztertzeko eta beren erabilpena eta inplementazioa bultzatzeko ekintzaile, profesional eta enpresen artean.

SPRIk aholkularitza profesionala eta finantzaketarako laguntzak eskaintzen ditu, adimen artifiziala, zibersegurtasuna edo robotika baliatzen dituzten eta enpresei digitalizazioranzko eraldaketan laguntzen dieten proiektuak abian jartzeko.

SPRIk prestatu dituen tailer eta hitzaldiak doakoak dira (baina aldez aurretik izena eman behar da Euskal Encounter 2022 ekitaldiko Enpresa Digitala jardunaldian) eta Euskal Encounter-aren OpenGune gune irekian egingo dira, Bilbao Exhibition Center-en (BEC) uztailaren 22tik (ostirala) 24ra (igandea).

SPRIk gai hauei buruzko tailer eta hitzaldiak eskainiko ditu Euskal Encounter ekitaldian:

Zer da machine learning-a eta nola erabil daiteke gure transakzioen segurtasuna hobetzeko?

Power BI: Business Intelligence zure esku

Adimen artifiziala: utopia ala distopia

Adimen artifiziala web inguruneetan

Windows sistemei egindako erasoen mehatxu-ehiza (Threat hunting)

Rural Citizen, adimen kolektiboa landatartasun berriaren motor gisa

Plataforma-joko bat garatzea Makecode erabiliz

Self-Sovereign Identity

Erabaki errentagarriak eta teknologia