Osasunaren eta ongizatearen III. Topaketa ‘Segurtasunean, osasunean eta laneko ongizatean aurrera eginez’

Osasunari eta Ongizateari buruzko III. Topaketa egin da. Osarten kooperatibak antolatzen du bi urtean behin, OSALANen eta EHUren laguntzarekin, laneko segurtasun, osasun eta ongizatearen arloko esperientziak partekatzeko.

Pandemiaren ondorioz 2020ko Topaketa bertan behera geratu ondoren, aurtengo edizioa berriz elkartzearena izan da, eta «laneko segurtasun, osasun eta ongizatean aurrera eginez» izenburupean, hainbat ikuspuntu jarri dira mahai gainean arriskuaren kudeaketari buruz, adinaren eta generoaren ikuspegitik, segurtasunaren eta osasunaren arloko lidergoari buruz eta pertsonen arteko konexio-tresna gisa komunikazioari buruz.

Bere hitzaldian, OSALANeko Zuzendari Nagusi Lourdes Íscarrek, lidergoaren esparruan, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Estrategiaren gidaritza papera nabarmendu nahi izan du. Estrategia hori, pertsona erdigune gisa hartuta, hiru ardatzetan oinarritzen da: herritarrak, bere lanpostuetan prebentzioa eskatzen duena gizartea izan dadin; prebentzioan eta enpresetan diharduten erakundeak, ekintzatan kalitatea bilatuz; eta, hirugarren ardatzetan, erakunde publikoak, arauak aprobatuz eta tresnak eskura ipiniz. Azken helburua da lan-baldintzak seguruak, osasungarriak, jasangarriak (bizitza osorako) eta inklusiboak izatea.

Aniztasunari dagokionez, estrategiak lan-ingurune seguruak, osasungarriak, iraunkorrak eta inklusiboak lortu nahi ditu, hau da, adinekoak, gazteak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta etorkinak kontuan hartzen dituztenak, genero-bereizketarik egin gabe, pertsonen aniztasuna, ezaugarriak eta desberdintasunak kontuan hartuta, lanpostuak pertsona bakoitzaren premietara egokitze aldera.

Azkenik, zuzendariak berretsi nahi izan du Osalanek lehentasunezko konpromisoa duela generoak laneko segurtasunean eta osasunean duen eraginaren ezagutzan sakontzeko eta ezagutza hori prebentzioko profesionalei zein herritarrei zabaltzeko eta helarazteko, eta ezagutza hori enpresen prebentzio-praktikara eta zailtasun bereziak dituzten lan-sektoreetara eraman dezaketen materialen eta tresnen garapenean eragiteko.