Eva Ferreira “Prestakuntza duala gure garaian unibertsitate-hezkuntza garatzen ari den irakaskuntza-proiektu erakargarrienetako bat da”

Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaría Zentroko auditorioan inauguratu da Prestakuntza Dualari buruzko Nazioarteko bigarren Biltzarra. ‘Unibertsitateko Prestakuntza Duala Europako Unibertsitate Eremuan’ Nazioarteko Kongresua’ izenburupean. Nazioarteko topaketa horretan 13 autonomia-erkidegotako 150 parte-hartzaile baino gehiago bildu dira, eta gero eta finkatuagoa eta zabalduagoa den irakaskuntza-eredu horri buruz hausnartu eta eztabaidatuko dute jardunaldi honetan.

Biltzarraren inaugurazioan izan dira Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua.

Irekiera-ekitaldian, Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektoreak hauxe adierazi du: “Prestakuntza duala gure garaian unibertsitate-hezkuntza garatzen ari den irakaskuntza-proiektu erakargarrienetako bat da. Prestakuntza ikuspegi bikoitz batera zabaltzen du, unibertsitatera eta enpresara, eta ikasleen prestakuntza aberasten du, etorkizunerako balio handia duen esperientzia praktiko batekin. UPV/EHU aitzindaria izan da eredu hori ezartzen, eta ikasturte bakoitzean gradu eta graduondoko berriak sartzen ditugu”.

Bestalde, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu du Gipuzkoa “LURRALDE DUALA” dela, LH Dualeko “emaitzen ibilbide luze eta osoari” esker, eta “unibertsitateko prestakuntza dualean aitzindari” den konpromiso bati esker. Olanok eskertu egin du Euskal Herriko Unibertsitatearen “ahalegin jarraitua”, eta hori “beharrezkotzat” jo du, unibertsitateko prestakuntza duala “ezinbestekoa” baita gure gizartearen erronka garrantzitsuenetariko batzuetan, hala nola “kalitatezko enplegua, talentua atxikitzea eta erakartzea, eta gure izaera industriala indartzea”.

Bestalde, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aipatu duenez, “euskal unibertsitate-prestakuntza duala garatzea da Eusko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitate Sistema indartzeko eta nazioartean posizionatzeko egin duen apustuaren ardatz nagusietako bat, eta, hala, euskal unibertsitate-prestakuntza gure enpresa eta erakundeen egungo eta etorkizuneko talentu-premiekin uztartzea indartu du. Gure Bigarren Unibertsitate+Enpresa Estrategiaren helburua da 2026. urtean 10.000 ikaslek Euskadiko unibertsitate-heziketa duala egin izana. UPV/EHUk herrialdearen apustu horretan parte hartu du eta parte hartzen du. 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren hurrengo planaren esparruan, unibertsitateko prestakuntza dualaren eskaintza bikoiztearen mugarri partekatua jasotzen du apustu horrek. Helburu horrek indartu egiten du azken 5 urteetan euskal unibertsitateko prestakuntza duala bultzatzeko egin den lan izugarria, dagoeneko 5.000 ikaslek jaso dutena.”

Lehenengo edizioaren arrakastaren ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak berriro hartu du nazioarteko topaketa hau. Topaketaren helburuak dira, besteak beste, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren esparruan erreferentzia diren errealitateak lehen eskutik ezagutzea; eredu horren garapenean esperientzien trukea sustatzea; prestakuntza dualak Unibertsitatea-Enpresa harremanen testuinguruan, prestakuntza dualaren erronkak identifikatzea; kalitateaz eta gaur egungo garapen-esparruez eztabaidatzea, unibertsitateko prestakuntza dualaren kontzeptu eta alderdi kritikoetan ikerketak sustatzea, eta lankidetzan aritzeko eta sarean lan egiteko gogoetagune bat partekatzea.

Frédéric Sauvagek eman du Frantziako arrakastaren berri, eta hark eskaini du topaketaren hitzaldi nagusia. Sauvage Formasup NPC Hauts de France partzuergoko zuzendaria da. Partzuergo horretan Frantziako iparraldean prestakuntza-lan programak garatzen dituzten goi mailako 40 ikastegi, unibertsitate eta eskola handi biltzen dira. Bere hitzaldian, Sauvagek azpimarratu duenez, “eredu dual frantsesa indar handiz ari da garatzen: aurten Frantzian, agintari publikoek bultzatuta eta enpresek gaitasun-behar handiak dituztela, ikastun kopurua milioi bat da. Eskala handiko garapen horri esker, hobeto hauteman daitezke ereduak gazteen eta enpresen arrakastarako dituen onurak eta eragin positiboak. Erronka berriei ere aurre egin behar zaie. Gazteei eta enpresei laguntza hobea ematea, gaitasunen ikuspegian oinarritutako praktika pedagogiko zorrotzak garatzea eta administrazio- eta finantza-prozesuak kudeatzea.”

Gainera, Unibertsitateko Prestakuntza Dualarekin zerikusia duten gaurkotasun-gaiak jorratzen dituzten hainbat mahai-inguru egingo dira kongresuan; besteak beste, Unibertsitateko Irakaskuntzen Antolamenduari eta Kalitatea Bermatzeko Prozedurari buruzko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak ezartzen duen arau-esparru berriari buruzkoa, eta prestakuntza dualeko programen tutoreak eta irakasleak prestatzeko beharrari buruzkoa. Era berean, prestakuntza dualean parte hartu duten enpresen eta ikasleen testigantzak jasoko dira, eta 9 komunikazio eta beste hainbeste poster aurkeztuko dira.

Kongresuaren amaiera-ekitaldian izango dira Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Fernando Tapia Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea.

Euskal Herriko Unibertsitatea aitzindaria izan da Estatuan unibertsitate-graduetan prestakuntza duala eskaintzen, eta eskaintza duala zabalduz joan da. Gaur egun, 11 gradu eta 2 master ematen dira eredu horretan.