Urrezko Domina Gipuzkoako Foru Aldundiari

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) bere Urrezko Domina eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, “Unibertsitatea sortu zenetik erakunde honekin izan duen lankidetza handia” aitortzeko. Urrezko Domina ezartzeko ekitaldi nagusia Donostiako Carlos Santamaria Zentroan egin da, erakundeetako eta gizarteko ordezkaritza zabalarekin.

UPV/EHUko Urrezko Domina Gipuzkoako Foru Aldundiari emateko ekitaldira gizarteko eta erakundeetako ordezkari ugari hurbildu dira. Bertan izan dira, besteak beste, Eneko Goia, Donostiako alkatea; Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua; Pedro Miguel Echenique Donostia International Physics Center Fundazioko presidentea eta hainbat foru diputatu, kargu publiko eta Gipuzkoako gizarteko ordezkari.

Gipuzkoako Diputazioak euskal unibertsitate publikoari emandako babesa aitortu eta eskertu du Eva Ferreira errektoreak gaur goizeko ekitaldian. “Azken urteotan”, nabarmendu du, “lankidetza hori, bereziki, unibertsitate-azpiegitura berriak berritzean eta sortzean gauzatu da, eta, horrez gain, zientzia- eta ikerketa-jarduera bultzatu du ,eta jakintza unibertsitatetik gizartera transferitzea sustatu du”.

Era berean, errektoreak adierazi duen bezala, “Euskal Herriko Unibertsitateak Gipuzkoarekin duen konpromisoa bere nortasun sakonaren ondorioa da. Eta konpromiso hori indartu egin da urteetan zehar, gure Diputazioaren laguntzari esker. Ziur nago aurrean dugun bidea azken hamarkadetan bete duguna baino emankorragoa eta zirraragarriagoa izango dela. Bidearen tarte on batean ibili gara, bai, baina oraindik bide luzeagoa dugu aurretik.”

Bestalde, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, bere “esker ona” adierazi du Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina jasotzean. Gainera, azken lau hamarkadetan unibertsitatearekin elkarlanean jardun duten “foru langile eta ordezkari guztiak” gogoan izan ditu. Bere iritziz, UPV/EHUk lurraldean dituen ikastegiek gipuzkoar gizarterako “hezkuntzaren, jakintzaren, kulturaren, ikerkuntza zientifikoaren eta garapenaren” motor nagusietako bat bilakatu dira eta horrela izaten jarraitu dezan foru erakundearen “erabateko konpromisoa” berretsi du Olanok.

“Gaur egun, aldaketa ekonomikoak, sozialak eta politikoak oso azkar ari dira gertatzen. Horren aurrean, eraldaketa azkarra eta sistemikoa egiteko gaitasuna duten herriek aurrera egingo dute, eta garapen ekonomikorako eta gizarte-kohesiorako baldintzak sortuko dituzte. Hori horrela izan dadin, ezinbestekoa da erakunde publikoen, unibertsitatearen eta gainontzeko eragile sozial eta ekonomikoen arteko elkarlana. Komunitate nahiz herri gisa lankidetzari eutsi eta horretan sakontzen badugu, lortuko dugu gizarte demokratiko eta anitz bezala aurrera egitea, ekonomia aurreratu bat garatzea, gizarte babeseko egitura berritzaileak sendotzea eta gure hizkuntzari bultzada berri bat ematea”, gogoeta egin du.

Ikerkuntzari babesa

Bestalde, Eneko Agirrek, Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroko (HiTZ) zuzendariak, bere laudatioan azpimarratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketaren arloan eman eta ematen duen babesa oso garrantzitsua da. “Ikerkuntza bidean hastapenetan dauden ikerlarientzat bere-biziko garrantzia izaten du lehenbiziko proiektu finantzatuak, baliabide horiek ezinbestekoak baitira ikerlari berriek bor-bor dituzten ideia berritzaileak garatzen eta gauzatzen hasteko. Sormena funtsezkoa da ikerkuntzak aurrera egin dezan. Eta hor dago Gipuzkoako Foru Aldundia. Honek era askotan eta sakonetan, ekintza txiki eta handiekin, batzuetan ia oharkabean pasa daitezkeen moduetan, lagundu dio Euskal Herriko Unibertsitateari, eta Euskal Herriko Unibertsitatetik saiatu gara gizarteari laguntza hori itzultzen.”

Euskal Herriko Unibertsitateak 1983an eratu zuen Urrezko Domina, eta erakundeak bere jarduera akademikoagatik edo emandako zerbitzuengatik domina hori merezi duten pertsona fisiko edo juridikoei, pribatu zein publikoei, ematen dien errekonozimenduaren adierazgarri da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik lagundu du Gipuzkoako Campusaren garapena, azpiegitura eta proiektu berriak eraikitzen lagunduz. Bereziki nabarmentzekoa da erakunde horrek Ingeniaritza Eskola eraikitzeko emandako laguntza. Eskola hori 2003an inauguratu zen, eta zentroko laborategietako ekipamenduaren zati handi bat finantzatu zuen. Azpimarratzekoa da, halaber, bere lankidetza, beste erakunde batzuen artean, Joxe Mari Korta Zentroa eraikitzen, I+G+B zentroa, non hainbat ikerketa-taldek, UPV/EHUko Zerbitzu Orokor Zientifiko-teknologikoek eta Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien Zerbitzuek egoitza duten, eta Carlos Santamaría Zentroa, Gipuzkoako Campuseko liburutegi nagusia eta Institutu, Katedra eta Ikerketa Taldeen egoitzak hartzen dituen eraikina, Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Humanitateen arloetan, besteak beste.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan jardun du hainbat ekimenetan 2010etik, hala nola Gipuzkoa Aurrera ekimenean, eta, 2016tik aurrera, Etorkizuna Eraikiz ekimenean. Irakaskuntzaren eta ikerketaren esparruan, era berean, 2020az geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundia Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan ari da unibertsitateko enpresa-gelak sortzen eta garatzen. Ikasgela horiek lankidetza-tresna eraginkorrak dira unibertsitate-zentroen eta erakunde eta enpresen artean, bai ikerketarekin, garapen teknologikoarekin eta berrikuntzarekin lotutako jardueretan, bai prestakuntzarekin lotutako guztian. Hala, ekonomia zirkularraren inguruan sortutako hiru ikasgela eta zibersegurtasunaren inguruan Informatika Fakultatean sortutako ikasgela nabarmentzen dira.

Bestalde, arlo sozial eta kulturalean, foru erakundeak eta Unibertsitateak Arrakasta Programa sortzen lagundu dute, unibertsitateko arrakasta akademikorako. Arrakasta programa 2017an jarri zen abian, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, eta haren helburua da unibertsitaterako sarbidea erraztea, adin-nagusitasunera iritsi diren eta haurrak eta nerabeak babesteko eta gizarteratzeko neurrienpean bizi diren gazteek ikasten jarrai dezaten eta ikasketak arrakastaz amaitu ditzaten. Bi erakundeek ere hainbat Katedra sortzen lagundu dute, besteak beste, Mikel Laboak eta Joxe Azurmendik. Mikel Laboa Katedra euskal arteari eta folkloreari buruzko ikerketa eta sorkuntza artistikoa sustatzeko eta zabaltzeko helburuarekin sortu zen, Mikel Laboaren lana bere alderdi guztietan erreferentetzat hartuz. Joxe Azurmendi Katedra, bere aldetik, euskal filosofo honen eta bere garaikideen obra eta pentsamendua ikertu eta transmititzeko sortu zen. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskampus proiektuan laguntzen du, Euskal Herriko Unibertsitateak, Tecnaliak eta DIPCk sustatua.

Orain arte 21 erakunde eta pertsona ospetsuk jaso dute Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina, besteak beste: Eduardo Chillida, Ignacio Mª Barriola, Manuel Agud Querol, Pedro Miguel Echenique, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Jexus Maria Artze, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza.