Dair, garraio, trafiko eta mugikortasun azpiegituren mundu osoko 50 proiektu baino gehiagotan presente

Berrikuntza balio estrategiko gisa hartuta eta garapen iraunkorrarekiko konpromiso sendoa hartuta, Dair duela 25 urte baino gehiago sortu zen Leioan. Hasiera gehienetan bezala, ingeniaritza- eta aholkularitza-zerbitzuen enpresa tokiko merkatuaren beharrei erantzuteko lanean hasi zen, 2014an erabaki estrategiko batek konpainiaren norabidea aldatu zuen arte.  

“Urte hartan gure zerbitzuak Espainiatik kanpo emateko erabaki estrategikoa hartu genuen, gure esperientzia nazioarteko beste merkatu batzuetara esportatzeko eta enpresen lehiakortasuna handitzeko helburarekin, tokiko eta nazioarteko enpresekin aliantza estrategikoak garatuz”, zehaztu du Jon Ciordia Dair-eko estrategia eta eragiketa komertzialen zuzendariak. Bederatzi urte geroago, Bizkaiko konpainiak bulego bat du Saudi Arabian, enpresarentzat nazioarteko merkatu nagusietako bat bihurtu den herrialdean; 51 proiektu inguru garatu ditu 18 herrialdetan; eta, orain, Frantziako Tourreko Grand Départ Pays Basque 2023ko Mugikortasun Planean parte hartzen ari da.  

“Ilusio handiko proiektua da. Frantziako Tourra munduko errepideko txirrindularitza probarik garrantzitsuena da 1903tik, eta datorren urtean Euskal Herrira itzuliko da, 1992an Donostiak irteera hartu zuenetik hiru hamarkada baino gehiago igaro direnean”, azpimarratu du Ciordiak. Dairrek, INGARTEKekin batera, Bilbao Ekintzari laguntza teknikoa eskainiko dio ekitaldi honetarako Mugikortasun Plana egiteko. Estrategiako zuzendariak adierazi duen bezala, “ ekitaldiak 4.500 pertsona mugitzen ditu guztira, eta horien artean antolakuntzako 500 pertsona baino gehiago daude, 2.000 kazetari baino gehiago, 184 txirrindulari eta horien taldeak, sponsorak eta abar”.  

Euskadin duen beste proiekturik nabarmenetako bat Euskal Trenbide Sarerako (ETS) egiten ari dena da, hala azaldu du Ciordiak: “Egungo trenbide-konfigurazioak Bilboko portuan jatorria/helmuga duten merkantzia-trenen trafikoak aldiriko trenekin azpiegitura partekatuz zirkulatzea eragiten du. Arazo hori konpontzeko eta portuaren hazkundearekin jarraitzeko, Bilboko Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea deiturikoa garatuko da. Saihesbide hori tunelean igaroko da gehienbat, eta merkantziak hirigunetik urruntzeko aukera emango du. Horrela, Bilboko portua Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriarekin (Euskal Y-a) eta Bilbo-Miranda Ebro ohiko zabalerako linearekin lotuko da”.  

Dairrek proiektu esanguratsuak ditu Saudi Arabian ere. Dammam eta Khobar hirietan, maila desberdineko 16 bide-lotune berri diseinatzen parte hartu zuen, auto-pilaketa handiko inguruneetan hiri-mugikortasuna hobetzeko, eta, gainera, “estetika-, ingurumen- eta gizarte-emaitza onena duten elementuak eman zituen”, Ciordiak dioenez. “Proiektatutako obren guztizko aurrekontua 748 milioi eurokoa izan zen”, gaineratu du. Era berean, eraikuntza-proiektu bat eta plan operatiboak egin ditu Al-ahsako Al-uqair errepide turistikoaren elkarguneetarako. Enpresaren estrategia-zuzendariaren arabera, eremu horrek “garrantzia har dezake etorkizunean, eremu horretarako aurreikusitako garapenengatik”.   

Berrikuntza eta teknologia DNAn

Berrikuntza, zalantzarik gabe, Dairen kultura korporatiboaren funtsezko zatia da. “Balio estrategikoa da guretzat, etengabeko hobekuntza-prozesua, gizartearentzat benetako balioa sortzen duten eta etorkizun bizigarriagoa eta ingurune jasangarria sortzen laguntzen duten zerbitzuak eskaintzeko aukera ematen diguna”.  

Ildo horretan, Leioako enpresak hiru ikerketa-ildo nagusi ditu: ingeniaritzari eta aholkularitzari aplikatutako eraldaketa digitala, Building Information Modelling (BIM) metodologiaren eta softwarearen bidez zerbitzu teknikoak ematea eta biki digitalak garatzea. “Horrek guztiak aukera ematen digu gure bezeroen prozesuen digitalizazioa bultzatzeko; informazioaren kudeaketa eta etorkizuneko errore edo arriskuen minimizazioa errazteko; eta egoerak ingurune seguru batean erreproduzitzeko, esperimentatzeko eta iragartzeko, egungo eta etorkizuneko eraginkortasuna hobetuz”, azaldu du Ciordiak.  

Berrikuntza sustatzeko beste modu bat hainbat enpresa, unibertsitate, erakunde, kluster eta teknologia- eta ikerketa-zentrorekin lankidetzan aritzea da, eta hala egiten du Dairrek. “Duela zenbait urtetik hona, hainbat erakunde publikok sustatutako enpresen berrikuntza eta nazioartekotzea bultzatzeko hainbat ekimenetan parte hartu dugu”, Ciordiak dioenez. “Guztien artean, SPRI Taldearen HAZITEK programa nabarmendu behar da. Programa horri esker, ZUBIoT proiektua garatu ahal izan genuen, RDT Engineers eta Tecnaliarekin batera. Zubien egiturazko monitorizazioa Biki digitalarekin IoT-n integratzeko proiektu bat da”.  

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.