Eusko Jaurlaritzak Lankidetza Deszentralizatuari buruzko txostena aurkeztu du Bruselan

  • eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak mundu osoko datuekin osatu du serie bateko lehenengo txostena

 eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, 2022ko Lankidetza Deszentralizatuko txostena aurkeztu du, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Europar Batasuneko Delegaritzan, Bruselan. Lantegian parte hartu dute tokiko eta eskualdeko autoritateak, EBeko erakundeek, garapenerako lankidetzako agentziek, GKKEek eta nazioarteko erakundeek.

Joan den apirilaren 20an, eLankidetzak aurkeztu zuen garapenerako lankidetza deszentralizatuaren inguruko lehenengo txostena, modalitate hori ezagutzera emateko eta baloratzen laguntzeko. Txostenak munduko hainbat herrialdetako estatus azpiko gobernuek garapenerako sustatzen duten laguntza ofizialaren azterketa sistematikoa egiten du.

Lantegiak txostenaren ondorioei buruzko eztabaida bultzatu du Europako erakundeetako kideen eta lankidetzako aktoreen artean. Aurkezpena Aitor Perezek, txostenaren egileak eta Ecoper erakundearen kontsultore buruak, egin du, eta, ondoren, Andrea Ferrari, Tokiko Agintaritzetako eta Europako Batzordeko team leaderra, eta Aziza Akhmouch, ELGAko Hirien, Hirietako Politiken eta Garapen Jasangarriaren Dibisioko burua, lankidetza deszentralizatuaren gorakadari eta dituen erronkei buruz aritu dira.

Jardunaldiak arratsaldean jarraituko du, eta txostenean jasotzen diren bi kasu ikusiko dira: lehenengoa, Fons Mallorquí funtsak eta Espainiar Estatuko toki-gobernuen lankidetza eta elkartasuneko funtsek sustatzen dituzten praktikak, eta, bigarrena, Japoniako prefekturek eta hiriek bultzatzen dituzten lankidetza teknikoko ekimenak.

Zenbait ohar

Gaiari buruzko argitalpenak eta azterlanak dauden arren, estatuz azpiko gobernuek sustatzen duten garapenerako lankidetzaren ezagutza eta analisi konparatuari dagokionez, txostenak dagoen hutsune handia betetzen lagundu nahi du.

Azterlanak Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko 11 herrialdetako eskualdeetako eta tokiko gobernuen datuak erakusten ditu. Horietatik bederatzi europarrak dira eta munduko garapenerako laguntza ofizialaren % 90 baino gehiago biltzen dute. 2020an, gobernu horiek 2.703 milioi dolar bideratu zituzten garapenerako laguntza ofizialera. Azken hamabost urteetan, lankidetza deszentralizatua ia hirukoiztu da.

Lankidetza deszentralizatua oso zabala da, eta hala agertzen da txostenean. Zenbait kasutan, hala nola Kanadan, errefuxiatuen harrerara bideratzen da laguntza, eta, Frantziak, aldiz, zuzeneko lankidetza deszentralizatuaren ehuneko handienetako bat du; batez ere, ur eta saneamenduko proiektuetara bideratzen du.

Azkenik, txostenak kasu zehatz batzuk erakusten ditu, hala nola Flandeseko gobernuak Afrikako gobernuekin batera egiten duen lankidetza zuzena, frantziar udalerriek egiten duten asistentzia teknikoa, edo AKUAL programa, Erdialdeko Amerika-Euskadi ur eta saneamenduaren arloko erakundeen arteko lankidetza ekimena.