Lehendakariak nabarmendu egin du kanpoko komunitateek «gure herriaren sugarrari bizirik eusteko» egiten duten lan «goresgarria»

  • Iñigo Urkullu Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguneko ekitaldi instituzionalaren buru izan da gaur arratsaldean
  • Diasporako politikak errealitate berrietara egokitzeko aldaketak aztertuko ditu abenduan Kanpoko Euskal Komunitateen Mundu Biltzarrak

Lehendakariak nabarmendu egin du kanpoko komunitateek “gure herriaren sugarrari bizirik eusteko” egin duten lan “goresgarria”, eta berretsi du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela diasporako politikak errealitate berrietara egokitzeko lanean “elkarren ondoan” jarraitzeko.

Iñigo Urkullu Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguneko ekitaldi instituzionalaren buru izan da Gernikan. Ekitaldia aldi berean egin da munduko bazter askotan, eta omenaldia egin nahi izan zaie urteetan zehar sortutako euskal komunitateei eta diaspora berriari.

Pandemiaren ondorioz euskal etxeek jasan dituzten zailtasun handiko uneak gogorarazi ditu, gizarte-harremanetan eta nazioarteko mugikortasunean aldaketak eragin dituzten uneak, hain zuzen. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza errealitate berri horiek aztertzen ari da, eta, zehazki, HAN-HEMEN ekimena aipatu du. Ekimen horren bidez, euskal migratzaileen errealitate desberdinak aztertu eta kontrastatu nahi dira, mundu osoko euskal herritar guztientzat zerbitzuak eta informazioa eskainiko dituen plataforma digital batera iristeko.

Era berean, jakinarazi du Eusko Jaurlaritza 1992ko legea eguneratzeko lege-proposamen berri bat lantzen ari dela, Euskal Diasporaren errealitate berriak barne hartuko dituena, “orainari heltzeko eta, nolabait, etorkizunari aurrea hartzeko” —adierazi du—.

Azkenik, iragarri du gai horiek guztiak bateratuko direla abenduan Donostian egingo den Kanpoko Euskal Komunitateen Mundu Biltzarrean, “Eraldaroa” lelopean. 

Antzezpena eta erakusketa 

Aurten, Euskal Diasporaren Eguna Gernikako Euskal Herria Museoko lorategietan ospatu da, kanpoko euskal gizataldeentzat streaming bidez eman den ekitaldi ireki batean.

Mundu bat inguruan antzezlan musikalaren bidez, euskal migrazioaren iraganeko eta oraineko bi errealitateak antzeztu dira. Gainera, Euskal Herria Museoan “Basques in Australia” erakusketa inauguratu da, euskal emigrazioaren fase guztietan barrena ibilbidea egiten duena.

Aldi berean, hainbat ekitaldi antolatu Alemaniako, Argentinako, Belgikako, Txileko, Kolonbiako, Espainiako, Ameriketako Estatu Batuetako, Frantziako, Peruko, Uruguaiko, Venezuelako… euskal etxeek eta munduko beste hainbat euskal erakundek.