Erreferentziazko hogeita hamar inguru profesionalek bilakaera demografikoaz, trantsizio energetikoaz edo hurbileko ekonomiez eztabaidatuko dute Euskal Hiria Kongresuan

Astelehenean, azaroak 27, eta asteartean, azaroak 28, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian Euskal Hiria Kongresuaren XXII. edizioa egingo da. Oraingo honetan, euskal gizarteak aurre egin behar duen erronka berrien eta lurraldearen, hirien eta herrien arteko interrelazioa izango da gai nagusia. Euskal Hiria Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak urtero antolatzen duen biltzarra da, Giza Kokalekuetarako Nazio Batuen Programaren (ONU-Habitat) laguntzarekin. Bertan, hogeita hamar aditu inguru biltzen dira, hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren helburu estrategikoei eta politika publikoei buruz eztabaidatzeko.

Euskal Hirira nazioarteko, nazioko eta eskualdeko profesionalak etorriko dira, baita sektore publikoko arduradunak eta ikerketa akademikoan adituak, izen aipagarriekin, hala nola, Cristina Monge soziologoa, Kazumi Ogawa, Europako ONU-Habitat erakundeko koordinatzailea; edo Kirsten Dunlop, CEO Climate KICen.

Kongresu hau osatzen duten bi jardunaldietan, «Elkarguneak: erronka emergenteak, erronka sozialak eta lurraldea» goiburuarekin, Euskadiren etorkizuna definituko duten bost erronka berriei buruz duten ikuspuntua azalduko dute: aldaketa demografikoa, ekintza klimatikoa, trantsizio energetikoa, kultura eta turismoa, eta, azkenik, hurbileko ekonomia. Gainera, ikuspegi bikoitzetik egingo dute, kontuan hartzen duena, alde batetik, lurraldea jardueren funtsezko oinarri gisa, eta, bestetik, pertsonak erdigunean jarriko duen gizarte-begirada sartzeko beharra.

Aldaketa demografikoa

Inaugurazio jardunaldian, lehenengo elkarguneak aldaketa demografikoari, erronka sozialei eta lurraldeari ekingo dizkio, eta honako hauek parte hartuko dute: Juana López Pagán (Despopulazioaren aurkako Politiken zuzendari nagusia Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan), Jonan Fernández (Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta Agenda 2030ren idazkari nagusia), Albert Esteve (Centre d ‘Estudis Demograficsen zuzendaria Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan) eta Teresa Laespada (Bizkaiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun foru diputatua).

Ekintza klimatikoa

Bigarren elkarguneak ekintza klimatikoari eta errealitate horrek gizartean eta lurraldean duen eraginari buruz jardungo du. Gai hau Miriam Garciarekin aztertuko da, Land Lab Landscape Laboratoryren zuzendaria, baita Kirsten Dunlop, CEO Climate KICen, Europar Batasunak klima-aldaketaren arloan bultzatutako berrikuntza-ekimen nagusia; Cristina Monge, Soziologia irakasle ezaguna Zaragozako Unibertsitatean; eta Adolfo Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria; besteak beste.

Trantsizio energetikoa

Trantsizio energetikoa eta horren gizarte eta lurralde-erronkak izango dira ondoren kongresuaren ardatz, eta parte hartuko dute, besteak beste: Izaskun Gómez, Gipuzkoako Ingurumen Administrazioaren zuzendaria; Juan Requejo, plangintzako aholkulari, geografo eta ekonomialaria; Sofía Martínez, politiken zuzendari orokorra Ekonomia Berdearen aldeko Koalizioan; Antonio González, Redeiakoa; Mónica Pedreira, Trantsizio Energetikoko zuzendaria azken erakunde honetan; eta Pedro Lomas, FUHEM Fundaziotik datorrena.

Kultura eta turismoa

Azaroaren 28an, asteartean, beste bi elkargune aztertuko dira. Jardunaldia kulturari eta turismoari buruzko aurkezpen batekin hasiko da, Laboratorio de Urbanismoko Susana García Bujalance arkitektoarekin eta Sevillako Unibertsitateko Eskualde Analisi Geografikoko katedraduna Alfonso Fernández. Ondoren, mahai-inguru bat izango da, non errealitate turistikoek sortzen duten gizarte eta lurralde-erronkei buruz eztabaidatuko den, Gobernu zentralaren Hiri Agenda eta Arkitekturako zuzendari nagusi Nuria Matarredonarekin, Turismoaren Mundu Elkartearen proiektu-espezialista Lorena Villarrekin, Basque District of Culture and Creativityren enpresak sendotzeko programaren zuzendari Juan Pastorrekin, Donostiako alkate Eneko Goiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo zuzendari Iñigo Garciarekin eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Turismo zuzendari Aroa Jileterekin.

Hurbileko ekonomia

Bosgarren eta azken elkarguneak hurbileko ekonomia aztertuko du, Red2Redeko José Moisés Martínekin, Europako Batzordearen Joint Research Centereko proiektu-buru Giulia Testorirekin, Bilbao Metropoli 30eko Idoia Postigorekin, Aclimako zuzendari nagusi Olga Martínekin eta REDS-SDSNko presidenteorde María Cortésekin, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak ezartzeko sortutako garapen jasangarrirako soluzio-sarearekin. Miguel de los Toyos, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako sailburuordeak, eta Beatriz Jordao, ONU-Habitateko Espainiako bulegoko buruak, itxiko dute aurtengo Euskal Hiria Kongresua.

Euskal Hiria Kongresuaren helburua lurraldearen antolamenduaren eta bost erronka berri horietako bakoitzaren artean sortzen diren interakzioak aztertu eta xehatzea da. Adibidez, trantsizio energetikoarekin aurrera egiteko azpiegitura espezializatuak behar dira, lurraldean ingurumen-inpaktu handiak eragin dezaketenak, eta hurbileko ekonomiek, berriz, lurralde-antolamendu jakin bat behar dute benetan existitu ahal izateko. Erronka horiek sortzen dituzten aukerak eta eragozpenak aztertzeko, kongresua bost multzotan egituratuko da, eta horietako bakoitzak aurkezpenak eta mahai-inguru bat izango ditu. Gainera, bertaratutakoei eztabaidan parte hartzeko aukera emango zaie, galderak eta iruzkinak egiteko tarte baten bidez.

Bultzatu 2050 eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH)

Euskal Hiria Kongresuak adituen eta erakundeen arteko eztabaida eta ideia-trukea bilatzen du, politika publikoak eta erabakiak hartzen laguntzen duten zeharkako eta sektore anitzeko ikuspegiekin. Hori guztia Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren GJHak eta Nazio Batuaren Hiri Agenda Berria jarraituz, etorkizunean aplikatuko diren politiken oinarri nagusiak ezartzen  baitituzte.

Bide beretik doa Euskadiko Hiri Agenda – Bultzatu 2050, Eusko Jaurlaritzako epe luzerako plana, hiri inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak lortzeko. Dokumentu honetan 8 lehentasun estrategiko zehazten dira, 31 esku-hartze ardatzetan egituratzen direnak, eta Euskadi lurralde-plangintzaren eta politika jasangarrien buruan jartzea dute helburu. Euskal Hiria Kongresuak eztabaidarako eta parte hartzeko foro bat jarri du herritarren eskura, non adituek eta erakundeek lehentasun estrategiko hauek gauzatzeko eta euskal gizartean eragin izango duten erronkei aurre egiteko estrategietan sakonduko duten.