Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek pozik jaso du berria eta defendatu duenez “eremu tentsionatuak onartzearekin batera tresnak behar dira alokairuaren prezioan segurtasun juridikoarekin eta oinarri objektiboarekin esku hartu ahal izateko”
Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak beharrezko datuak jaso ditu Gipuzkoa Etxebizitzen Alokairu Prezioen Estatuko Erreferentzia Sisteman sartzeko. Entrega hori urrats erabakigarria da Estatuko 12/2023 Legean etxebizitza-eskubidearen alde aurreikusitako neurriak benetan aplikatzeko dagoeneko etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremu izendatutako lurraldeko udalerrietan. “Eremu tentsionatuak onartzearekin batera, alokairuaren prezioan segurtasun juridikoarekin eta oinarri objektiboarekin esku hartzeko aukera emango duten tresnak onartu behar dira, eta etxebizitzen alokairuaren prezioen erreferentzia-sistema funtsezko pieza da horretarako”, adierazi du Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek.
Gipuzkoan, gaur egun, Errenteria, Lasarte-Oria, Zumaia eta Irun dira eremu tentsionatuak, eta Donostia uztailean gehituko zaio zerrenda horri, Estatuko Aldizkari Ofizialean izendapena argitaratu ondoren. Udalerri horietan, erreferentziazko indizea funtsezkoa da alokairuaren prezioei mugak ezartzeko, “higiezin bakoitzaren kokapenean, tamainan eta beste ezaugarri batzuetan oinarritutako balioen tarte objektibo bat emanez, eremu tentsionatu horietan etxebizitzaren kostu handiak apaltzea espero dugu”, gaineratu du De los Toyosek. Sistema horrek alokairuaren prezioan esku hartzeko aukera ematen du, zehazki edukitzaile handiekin sinatutako kontratuetan edo lehen aldiz sartzen diren etxebizitzetan, edo bost urte baino gehiago errentan eman gabe egon ondoren, alokairuaren merkatuan sartzen direnetan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, zerga-arloko eskumena duten foru-ogasunei dagokie indize horretarako eskatzen diren datu fiskalak biltzea eta transmititzea. Prozesua arintzeko eta datuen kalitate teknikoa bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) bitartez, eragile bideratzaile gisa jardun du, bere baliabide estatistikoak Foru Aldundien zerbitzura jarrita eta prozesua koordinatuta. “Eusko Jaurlaritzak prozesu hori koordinatu eta garatu du, Gipuzkoak indizea ahalik eta lasterren izan dezan, erakundeen arteko konpromisoa eta lankidetza zerbitzu publikoko tresna gisa agerian uzten dituen lana”, azpimarratu du De los Toyosek.
Segurtasun juridikoa eta fidagarritasuna Erreferentzia Indizea egitean
Testuinguru horretan, Eustatek Gipuzkoarako alokairuaren erreferentziazko indizea kalkulatu du, etxebizitzaz etxebizitza, metro koadroko hileko prezio gisa adierazita, eta etxebizitza kolektiboen eta familia bakarreko etxebizitzen edo landa-etxebizitzen arteko bereizketa ezarri du. Horretarako, hainbat iturri erabili dira:
- Gipuzkoako Foru Ogasunaren informazio fiskala, errolda-datuak eta katastro-datuak
- Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren fidantzen erregistroa
- Eustaten datu-baseak, besteak beste, biztanleriaren eta etxebizitzen errolda eta lurralde-oinarria
Adierazlearen fidagarritasuna indartzeko, kalkuluak ondoz ondoko bi ekitalditarako egin dira: 2022rako eta 2023rako, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministeriora bidali dira modu agregatuan, barruti, errolda sekzio eta herri mailan, betiere agregazio unitate bakoitzeko gutxienez 10 etxebizitza identifikatuta badaude. Bestela, datuak hutsik ematen dira, estatistikako jardunbide egokien estandarrak eta Ministerioaren jarraibideak betez.
Entregaren ondoren, Ministerioak Eustatek erabilitako metodologia baliozkotu beharko du horretarako ezarritako Estatuko Batzorde Teknikoaren bidez, eta Gipuzkoako datuak Etxebizitzen Alokairuko Prezioen Estatuko Erreferentzia Sistemaren kalkulagailu publikoan sartu beharko ditu. Tresna hori maizterrei, errentatzaileei edo jabeei zuzenduta dago, eta aukera ematen du etxebizitza bat eremu tentsionatu batean dagoen jakiteko eta aplikagarria den prezioen tartea kontsultatzeko, haren ezaugarrien arabera.
Irekitasun eta gardentasunarekin duen konpromisoaren ildotik, Eustatek jendearen eskura jartzen ditu emaitza estatistiko horiek bere webgunearen bidez, sailetako estatistika esperimentalen atalaren barruan, eta esteka honetan kontsulta daiteke.