Eusko Jaurlaritzak Gallartako ehorzketetarako BGAE-an esku hartu du, funtsak bidegabe eskuratu izanaren kasu larria atzeman ondoren

Esku-hartzearen bidez, ehorzketa-gastuak estaltzera zuzentzen den entitatearen gainerako ondarea zaindu nahi da.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak Gallartako ehorzketetarako Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundean (BGAE) esku hartu du, entitatearen funtsak bidegabe eskuratzearen kasu larria atzeman ondoren. Erakunde hori 1981ean eratu zen, eta bazkideen ehorzketa-gastuak estaltzen ditu. Ehorzketetarako BGAE deiturikoak ehorzketaren ondoriozko gastu eta zerbitzuak estaltzeko soilik erabiltzen diren modalitate espezifikoa dira —ez da pentsioak ordaintzeko erabiltzen—.

Erabakia apirilaren 11n hartu zen, BGAEei buruzko 5/2012 Legean jasotako eskumenei jarraikiz, behin Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko Zuzendaritzak baieztatu zuenean —zuzeneko aitorpen baten ondoren— Gobernu Batzordeko kide batek 600.000 euro inguru desbideratu zituela, erakundearen ia ondare osoa (650.000 euro inguru).

Inplikatutako pertsonak bere esperientzia eta gainerako gobernu-organoen konfiantza baliatu zituen zenbait urtez iruzur egiteko. Gainera, Eusko Jaurlaritzari bidalitako informazioa faltsutu zuen, bere jarduna estaltze aldera. Gertakari horien berri izan ondoren, kautelazko neurriak ezarri ziren, eta, ondorioz, administrazioak izendatutako kontu-hartzaileek funtsen erabilera oro baliozkotu behar dute.

Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko Zuzendaritzak erakundearen kontrola bere gain hartu du aldi baterako, eta laster bazkideen batzarra deituko du BGAEaren etorkizuna erabaki dezaten: Gobernu Batzorde berri batekin jarraitzea edo hura desegitea eta behin betiko likidatzea erabakitzea.

Bien bitartean, Ogasun eta Finantza Saila alternatiba posible bat kudeatzen ari da sektoreko BGAE garrantzitsu batekin. Kolektibo interesduna bere gain hartzea da helburua, batik bat bazkide zaharrenak, hau da, egoerak gehien eragiten dienak.

Bestalde, oso-oso zaila da lapurtutako dirua berreskuratzea. Kalte-ordaina ezartzen duen aldeko balizko epai judizial batek eta iruzurgileak ondasun nahikoak izateak soilik ahalbidetuko luke eragindako kaltea ordaintzea, eta aukera hori ez da oso posiblea.

Ertzaintzak hasi zuen kasu honen inguruko ikerketa, Kapital Zuritzearen eta Arau-hauste Monetarioen Prebentzio Batzordearen Zerbitzu Exekutiboak (SEPBLAC) egindako salaketa baten ondoren. Izan ere, mugimendu susmagarriak antzeman zituen BGAE horren kontuen eta inplikatutako pertsonaren zuzeneko senide baten artean.

Iruzur horrek ehorzketetarako BGAEen azpisektorea gainbegiratzeari buruzko hausnarketa eragin du Eusko Jaurlaritzaren barnean. Azpisektore horrek, gaur egun, 100.000 bazkide baino gehiago dituzten 29 erakunde biltzen ditu. Aztertzen ari diren neurrien artean daude entitateen kopurua murriztea, erakundeak profesionalizatzea eta dokumentu-eskakizun handiagoak ezartzea, antzeko egoerak errepika ez daitezen.

2018an, antzeko iruzurra erregistratu zen osasun-estalduretarako BGAE batean.