Txakomic gastronomia eta kultur jaialdia seigarren edizioarekin itzuli da, eta Bizkaiko kultur eta gastronomia proposamen berezienetako bat izango da. Apirilaren 17tik 19ra bitartean, Mendibile Jauregiak (Leioa) eta Bakion kokatutako Txakolin Museoa – Txakolinguneak jarduera-programa bat hartuko dute, Bizkaiko txakolinaren inguruan gastronomia, ilustrazioa, musika eta komikia berriro ere uztartuz.
Hiru egunetan zehar, ardogintzak, sukaldaritzak eta artegintzak modu naturalean uztartutako esperientziez gozatu ahal izango dute ikusleek, zaporeen, mahastien eta ilustrazioaren arteko topaketa sortzaileak eratuko baitira. Edizio honetan, Galizia izango da eskualde gonbidatua, eta elkartruke gastronomiko eta kultural bat ezarriko da bi lurralderen artean, nortasun atlantikoak, sukaldaritzako tradizioak eta produktuarekiko errespetuak elkartuta.
Mendibile Jauregiak zapore galiziarrekin emango dio hasiera jaialdiari
Jaialdia apirilaren 17an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan hasiko da Mendibile Jauregian, Bizkaiko txakolinak eta Galiziako gazta sorta bat uztartuko dituen esperientzia enogastronomiko batekin.
Dastaketa Silvia Landeira sommelierrak eta Maria Morak, Manducatecaren sortzaileak, zuzenduko dute, eta txakolinaren ñabardurak eta iparraldeko zaporeekin duen afinitatea balioan jarriko dituen dastaketa baten bitartez gidatuko dituzte bertaratutakoak. Esperientziak hiru txakolin eta Galiziako hiru gazta bilduko ditu.
Jardueran zehar, Mamen Moreu ilustratzaileak zuzeneko ilustrazio bat egingo du, esperientzia sentsorial hau aberastuko duen dimentsio artistiko bat emanez.
Gastronomia, komikia eta musika larunbateko jardunaldian
Apirilaren 18an, larunbata, Zurrut! komiki eta ilustrazio azokaren lehenengo edizioarekin hasiko den kultur eta gastronomia jardunaldi trinkoa hartuko du Mendibile Jauregiak. Artisten, ilustratzaileen eta ikusleen arteko topagunea izango da, 12:00etatik 15:00etara eta 17:30etik 20:00etara.
Programazioak 12:00etan jarraituko du, itsasoko eta mendiko gastronomia galiziarrari eskainitako showcooking batekin. Bertan, Casa Galicia jatetxeak sukaldaritzako hainbat proposamen egingo ditu, hautatutako hiru txakolinekin uztartuta. Roberto Sarriugarte sommelierrak zuzenduko du dastaketa, eta Susanna Martin ilustratzaileak prozesua islatuko du zuzeneko marrazki batean.
13:00etan, Folk Terra Nai taldearen kontzertua izango da, Char-lee Mittoren zuzeneko ilustrazioekin batera, musika eta denbora errealeko ilustrazioa lotuko dituen proposamenean.
Arratsaldean, 18:00etan, umeek maskara tailer batean parte hartu ahal izango dute. Ruth Juanek dinamizatuko du jolasaren bidez sormena suspertzeko pentsatutako jarduera hau.
Jardunaldia 18:30ean osatuko da «Saltsa Nostra» komiki formatuko lehendabiziko euskal sukaldaritza liburuaren aurkezpenarekin, Iker Bildosola eta Sergio Ortiz de Zarateren eskutik. Ekintza honen barruan txakolin eta gazta dastaketa bat ere egingo da.
Txakolin Museoa-Txakolinguneak (Bakion) itxiko du sukaldaritza, ardogintza eta ilustrazioaren arteko jaialdia
Apirilaren 19an, igandea, jaialdia Bakion kokatuta dagoen Txakolin Museoa – Txakolingunera eramango da. Bertan, amaiera jardunaldia egingo da txakolinaren kulturarekin zuzeneko lotura duen ingurune batean.
12:00etan «Bizkaitik Galiziara, zaporez beteriko bidea» izeneko showcooking eta dastaketa izango da, Elena Urigüen sommelierrak zuzenduta, La Rue del Percebe jatetxeko taldearekin batera. Jarduerak irauten duen bitartean, hainbat sukaldaritza-proposamen egingo dira, eta hautatutako hiru txakolinekin batera dastatu ahal izango dira. Showcookingean zehar, Raisa Álava ilustratzaileak prozesu gastronomikoan inspiratutako zuzeneko marrazki bat egingo du.
12:00etan, halaber, haurrek beirateen sormen-tailer batean parte hartu ahal izango dute. Bea Apariciok dinamizatuko du, eta parte-hartzaileek museoko leihoak adierazpen artistikoko gune bihurtuko dituzte.
Txakomic-i buruz
Ekimem hau Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen Txakolin Museoaren – Txakolingunearen, Mendibile Jauregia Elkartearen, Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen eta Jata-Ondo Uribeko Landa Garapeneko Elkartearen arteko lankidetzatik sortu da eta Txakolin Museoak – Txakolinguneak hartu zuen ‘Komikia’ erakusketan inspiratuta dago. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batzordearen babesa du.
Bizkaiko txakolinaren tradizioaren eta euskal komikigintzaren arteko lotura-prozesuaren ondorioz sortu zen proiektua 2021ean, herritarrei lurreko ardo bereizgarrienaren eta marrazkiaren arteko uztarketa berriak erakusteko asmoz. Seigarren edizio hau Kike Infame ilustratzaileak koordinatu du aurten ere.
Txakomic-i buruzko informazio guztia, jardueren prezioa eta erreserbak webgunean egin daitezke. Kontzertua doakoa da. https://bizkaikotxakolina.eus/eventos/txakomic/





























