Naufragoaren bengala – Jokin Bildarratzen idatzia Gipuzkoagaur-en

Hauteskunde kanpaina hasi da. Mitinak, publizitatea, debateak eta esloganak nonahi ikusi, entzun edota irakurri ahal izango ditugu datozen hamabost egunetan; bakoitzak mesede gehien egiten dion gaia hartuko du bandera moduan eta lau haizetara astinduko du ikusi nahi dutenei eta nahi ez dutenei ere mezua argi hel dakien.

Inkestetan aurreikusten diren emaitzen arabera, alderdiek euren diskurtsoa moldatu egingo dute: iragarpen ona dutenek, moteldu; azpitik ikusten direnek, zarata gehitu.

Neurgailu hori erabilita, Alderdi Popularra urduri baino erabat beldurtuta dagoela esan genezake. Pablo Casadok “odolarekin zikindutako eskuen” erreferentzia erabili zuenean bere hitzaldian, porrota ekiditeko saiakeraren aurrean duen azken baliabidea erabili zuela pentsa genezake.

Euskadira begira, Javier Maroto izan zen Autonomia Erkidegoan PP hutsaren hurrena izan ez dadin, naufragoaren bengala aireratu zuena, baten batek ikusi eta laguntzera hurbil dakion. Kongresurako Arabako zerrendaburuak ohiko komodina erabili zuen horretarako: euskara.

Euskara euskal administrazioan lan egiteko derrigorrezkoa izan ez dadin lege bat proposatuko zuela iragarri zuen. Lege horrek euskara “defendatuko” duela aurreratu zuen, bere alderdia euskararekin “harro” omen dagoelako. Oraindik harritu egiten naiz euskaren alde ezer egin ez eta besteen saiakerak zapuzten ahalegintzen denek nola esan dezaketen horrelakorik aurpegia gorritu gabe!

Marotok euskara batzuk besteei “aurpegiratzeko arma” izan ez dadila eskatu zuen, baina berak egin zuen erabilerak ez zuen bestelako asmorik izan: alde batetik, administrazioan egun lanean dauden pertsonek lanpostua galtzeko omen duten “beldurrari” heldu ziolako; eta herrialdearen zatiketa bilatu zuelako arabarren konfiantza lortu nahian, “gipuzkoar edo bizkaitarren” aldeko baldintzak ematen omen dituelako euskararen ezagutzak.

Hobe egingo lukete Estatuaren pluraltasuna onartuko balute; Euskadiko PPren kasuan, Euskadiren berezitasunak: kultura, ohiturak, hizkuntza… Orain arte, transatlantikoaren handitasunaren erosotasunean bidaiatu dute, izotz zati txikiak aurretik eramanez, baina itsasontziari atera zaizkion zirrikituen erruz orain salbamendu txalupa atera eta azken bengala jaurti dute.