‘Bye ala bai’, artículo de opinión de Jokin Bildarratz Sorron

Ostirala da eta, honenbestez, bukatu da Europarako oso garrantzitsua izan den astea.

47ko Europa. Aste honetan Estrasburgon egon naiz, 47 herrialdek osatzen duten Europako Kontseiluko bileran, eta hainbat gai garrantzitsu tratatu dira bertan. Poloniako erakundeetako funtzionamenduaren zaintza, gerra inguruetan bizi diren haurren aberriratzea, pertsona migratzaileen trafikoa… Guztiak ere, giza eskubideen alde lanean jarduteko gaiak izan dira; gehitzeko, eraikitzeko.

27ko Europa. Britainia Handia Europako Batasunetik kanpo geratu eta gero, aurrerantzean erakundea 27 herrialdek osatuko dutelarik. Kenketa hau ez da entzun nahiko genukeen berririk gustukoena baina hauxe da errealitatea eta horrela gestionatu beharko da. Mundua bizitzen ari den garai garrantzitsu honetan erronka are handiagoa egiten du egoera berri honek, baina aukera bat bezala hartu behar dugu Batasunean.

Brexit delako hau gauzatu besterik egin ez denean oso goiz izan daiteke etorkizunak zer emango duen esateko, baina intuizioak esaten dit Britainia Handia Europako Batasunera itzuliko dela, bai ala bai; ez dakit noiz edo nola, baina Batasunak erakartzeko indarra eta gaitasuna du eta horretan jardun beharko dugu.

Bihartik aurrera aztertu beharko den beste egoera bat Eskoziarena izango da. Ikusiko dugu hango errealitatea nola gestionatzen den. Argi dago Britainia Handia eta Estatu espainiarreko legeen espirituak desberdinak direla, baina Mantxako kanaletik haratagoko irletan gertatzen denak asko markatuko du beste inguru batzuetan eman daitekeen etorkizuna.