BAI SAREAk lau urte hauetan berdintasunean lortutako aurrerapenak ospatu ditu bere VIII. batzarrean

BAI SAREAk zortzigarren batzarra egin du gaur, eta bertan parte hartu duten erakundeak pozik agertu dira sarea sortu zenetik igaro diren lau urtetan egindako aurrerapenekin. BAI SAREA 72 enpresa eta erakundek osatzen dute. Enpresa eta erakunde horiek guztiek Berdintasunerako Lankidetza bereizgarria dute, Emakundek ematen diena, eta bere baitan berdintasun-planak eta -diagnostikoak egin dituzte. Sarearen helburua esperientziak eta jakintzak partekatzea da, bai eta tresnak sortzea enpresa- eta gizarte-errealitatea eraldatzeko, lan-eremuan genero-arrakalak murrizteko eta berdintasuna eta justizia soziala balio estrategiko gisa sustatzeko.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azpimarratu du BAI Sareak erakusten duela berdintasunaren alde lan egitea eta erakunde berdinzaleagoak sortzea merezi duela, eta erakundeak animatu ditu BAI Sarearen barruan hainbat arlotako lantaldeetan lan egiten jarraitzera. Sarearen lana hainbat arlotako lantaldeetan antolatuta dago: soldata-arrakala, erakunde-kultura, esperientzia-trukea eta komunikazioa. Horrez gain, planak, jarraipena eta ebaluazioa gidatzen dituen talde eragile bat eta batzorde antolatzaile bat.

Landaidak nabarmendu du garrantzitsua dela entitateen artean esperientziak, tresnak eta ikaskuntzak partekatzea, eta eskertu egin du lantaldeetan parte hartzen duten erakundeen inplikazioa,baita 2021-2022 Ekintza Planaren ezarpena gidatzen ari direnena eta, halaber, sortutako partaidetza puntualeko guneetan parte hartzen dutenena.

BAI Sarea 2018ko martxoan eratu zen, eta, denbora horretan, soldata-arrakala bezalako gaietan estrategia komunak adosteaz gain, tresna espezifikoak ere adostu dira sare hori osatzen duten enpresetako langile guztien artean zabaltzeko. Izan ere, sarea osatzen duten erakundeez gain, batzar honetan parte hartzera animatu dira berdintasunaren aldeko konpromisoan urrats bat gehiago eman eta kolektiboki aurrera egin nahi duten erakunde guztiak.