LEHIATU SUSTAPENA programaren deialdia egin da, 350.000 euroko laguntzak emateko

Sede del Gobierno Vasco, Lakua
    • Euskadiko nekazaritza, elikagai, arrantza eta basogintzako produktuak kanpoko merkatuetan sustatzeko
    • Azoketan eta merkataritza-misio zuzen edo alderantzizkoetan parte hartzea finantzatuko da, baita produktuak aurkeztea, salmenta»puntuak sustatzea eta sustapen-materialak egitea ere 

Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza deitu ditu 2022rako, Euskadiko nekazaritza, elikagai, arrantza eta basogintzako produktuak EAEtik kanpoko merkatuetan sustatzeko. Hain zuzen, Lehiatu Sustapena programa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren aginduaren bidez arautua. Ekitaldi honetarako 350.000 euroko aurrekontua izango du.

Zenbateko hori onartutako eskaeren artean banatuko da. Laguntza bakoitzeko gehienez ere onuradunak hamar mila euro jaso ahal izango ditu banakako ekintzak egiteko, eta hogeita hamar mila sustapen-programak egiteko, hau da, gutxienez hiru herrialde desberdinetan guztira sei jarduera egiteko plan integralak gauzatzeko.

Diruz lagundu daitezkeen ekintzen artean daude, besteak beste, azoketan eta merkataritza-misio zuzen edo alderantzizkoetan parte hartzea edo bertaratzea, baita produktuak aurkeztea, salmenta-puntuak sustatzea eta sustapen- eta hedapen-materialak egitea ere.

Ez da diruz lagunduko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak edo Industria eta Nabigazioko Merkataritza Ganberek standa duten azoketan parte hartzea. Era berean, ez da diruz lagunduko enpresak kanpo»merkataritzan finantzatzen dituzten erakundeek standa duten eta euskal enpresetarako espazio bat duten azoketan parte hartzea ere.

Onuradunak arrantza, elikagai eta basogintzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko industria-sektoreko enpresak izango dira, ardogintza»industriakoak izan ezik, horiek beren laguntzak baitituzte.

Lehiatu Sustapena programaren helburua da Euskadi nazioarteko erreferentziazko lurralde gisa finkatzea elikagaien eta gastronomiaren arloan, eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien kate osoa eta bertako kalitatezko produktuak nazioarteko merkatuetan bultzatzeko asmoz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila egiten ari den politika irmoaren barruan dago. Politika hori Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoan (GEPE) jasota dago.

Laguntzen deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.