MER Community Summit 2022 kongresua

Ozeano-aldaketa globala eta krisi klimatikoa, itsas kutsadura, biodibertsitatearen kontserbazioa edota kostaldeko eremuen kudeaketa integratua izango dira aztergai Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Bordeleko Unibertsitateak, Southamptongo Unibertsitateak eta Liejako Unibertsitateak osatzen duten MER Partzuergoak antolatuta irailaren 7tik 10era bitartean Bilbon eta Donostian egingo den MER Community Summit 2022 izenburuko kongresuan.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Garapen Jasangarrirako Ozeano Zientzien Hamarkada izendatu zuen 2021-2030 aldia. Helburua komunitate zientifikoa mobilizatzea da, baina baita politikariak, enpresak eta gizarte zibila ere, ikerketa eta berrikuntza teknologikoko programa komun baten inguruan. Testuinguru horretan kokatzen da aipatutako MER Partzuergoak antolatuta irailaren 7tik 9ra UPV/EHUko Bizkaia Aretoan eta irailaren 10ean Donostiako Aquarium-ean egingo den nazioarteko biltzarra.

Mundu osotik etorritako 225 lagunek hartuko dute parte eta lau egunetan Ozeano Zientzien Hamarkadaren barruan finkatutako erronka nagusienak aztertuko dituzte; hala nola, behatokiak eta monitorizazio sistemak; ingurumenaren babesa eta kudeaketa; itsas kutsadura; biodibertsitatearen kontserbazioa; kostaldeko eremuen kudeaketa integratua; ozeano-aldaketa globala eta krisi klimatikoa; baliabide biologikoen kudeaketa iraunkorra; itsas bioteknologia; eta alderdi sozioekonomikoak, ozeanoen alfabetizazioa, ingurumenaren kontzientziazioa eta ekonomia urdina barne.

Ionan Marigomez (PIE) UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioko zuzendaria eta MER Patzuergoko buruak MER Community Summit 2022 kongresuaren egitaraua oparoa nabarmendu du. Haren hitzetan, “mundu osoan ospetsuak diren zientzialariak izango ditugu, esaterako, Luis Valdes (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) SCICeko Espainiako Ozeanografia Institutuko zuzendaria, Marie-Alenxandrine Sicre Sorbonako Unibertsitateko (Centre National de la Recherche Scientifique) CNRSko  ikerlaria edota Patricia Miloslavich (Scientific Committee on Oceanic Research) SCORko zuzendari nagusia. Konferentzia hauetaz gain, 36 aurkezpen, 24 panel eta 2 tailer izango dira eta publikoa askotarikoa izango da, akademikoak, administrazio eta ikerketa zentroetako arduradunak eta abar).

Ozeano-zientzietako  komunitate globala

Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatzen duen Itsas Inguruneko Erasmus Mundus Masterrak (MER) mundu mailako komunitate bat sustatzen du ozeano-zientzietan. Marigomezek gogoratzen duenez, “Euskal Herriko Unibertsitateak, Université de Bordeaux eta University of Southampton-ek MER Partzuergoa eratu genuen eta, 2005ean MER master bateratua jarri genuen abian. Gerora, Liège Université partzuergoko bazkide egin zen, eta 2012-2013 ikasturtetik masterra Erasmus Mundus esparruan sartu zen. Eta aurten Universidade dos Açores partzuergoko bazkide izango da”.

Itsas Inguruneko Erasmus Masterraren programaren hasierako helburu nagusia itsas inguruneari zein itsas baliabideei dagozkien gai zabalak lantzea izan zen. Baina, gerora ozeano eta ingurumen-zientzietako azken lehentasun eta jarraibideen arabera egokitzen joan zen eta, gaur egun itsas ingurunean eta horrek itsas baliabideekin dituen elkar-ekintzen arloa jorratzen du, iraunkortasunari garrantzia emanez.

Erasmus Mundus labela eskuratu izanak, mundu osoko ikasleentzat eskuragarriago jarri zuen masterra eta, dagoeneko, 60 herrialdetako 400 lagunek bukatu dute masterra. Masterrean izena emateko azken deialdian, 88 herrialdetako 800 eskatzaile baino gehiago izan ziren, baina, urtean 36 ikasle berri baino ezin dira matrikulatu.

PIEko zuzendariak nabarmendu duenez, “hedatutako MER Partzuergoak, mundu osoko akademia eta industriako bazkideak biltzen ditu, ikerketa-egonaldiak, lanbide-praktikak eta tesiaren ikerketaren zuzendaritza eskaintzen dituztenak. Oro har, osagai horiek MER komunitate globaleko zutabe sendoak dira, ikasleak, ikasle ohiak, irakasle eta administrazioko langileak, ikertzaileak eta interes-taldeak biltzen dituena, hain zuzen. MER Komunitate honek karrera garatzeko eta enplegurako aukera paregabeak eskaintzen dizkie graduatuei, eta lotura iraunkorrak mantentzen ditu bere kide guztien artean”.