Wang Chaoren ‘Kong Xiu / A Woman’ filmak osatuko du Sail Ofizialean lehiatuko diren filmen zerrenda

Kong Xiu / A Woman, Wang Chao errealizadore txinatarraren film luze berria, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko (irailaren 16tik 24ra) Sail Ofizialean lehiatuko diren filmen zerrendan sartu da eta, horrenbestez, zerrenda hori osatuta geratu da jada.

Zhang Xiu Zhen idazlearen Dream eleberri autobiografikoan oinarritua, Txinako Iraultza Kulturalean girotutako istorio bat kontatzen digu filmak, eta tailerreko lanak uzten dion aisialdian idazten aritzen den emakume langile bat du protagonista.

Wang Chao (Nanjing, 1964) hamar bat film luzeren egilea da, besteak beste, hauena: Anyangde guer / The Orphan of Anyang (2001), Cannesko Quinzaine des Rálisateurs atalean hautatua; Jiang cheng xia ri / Luxury Car (2006), Cannesko Zinemaldiko Un Certain Regard sailean film onenaren saria irabazi zuena, eta Huan xiang qu / Fantasia (2014), hura ere Cannesko Un Certain Regard sailean hautatua.

Horrela, jada iragarri diren eta Urrezko Maskorra irabazteko lehian ariko diren 16 zuzendarien zerrendan sartuko da Wang Chao: Manuel Abramovich, Fernando Franco, Mikel Gurrea, Christophe Honoré, Genki Kawamura, Sebastián Lelio, Diego Lerman, Marco Martins, Marian Mathias, Laura Mora, Pilar Palomero, Frelle Petersen, Jaime Rosales, Hong Sangsoo, Ulrich Seidl eta Petr Václav.