`Deserrotuak´ jardunaldietan arrazoi klimatikoak direla eta behartutako lekualdatzeei buruz eztabaidatuko da

Jardunaldiak erauzketa-eredua, kolapso ekosoziala eta horrek derrigorrezko desplazamenduetan duen eragina aztertuko ditu

Memoria, Giza Eskubideak eta Lankidetzako sailburuordea, José Antonio Rodríguez Ranz, Bilbon izan da, gaur, Zehar-Errefuxiatuak-erakundeko “Deserrotuak: Lekualdatze behartuak, ingurumen-degradazioa eta giza eskubideak” jardunaldietan. Azken horrek eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako babesa jaso du. Sailburuordearekin batera, Arantza Chacon Zehar-Errefuxiatuak erakundeko zuzendariak eta Teresa Laespada, Enplegu, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Bizkaiko Foru diputatuak hitz egin dute.

Jardunaldia Arantza Chaconen hitzekin hasi da. Hark azaldu duenez, klima-migrazioak baino harago, topaketak ekoizpen eredua eta biztanleetan ingurumen degradazioak duen eragina aztertuko ditu; hori dela eta, pertsonek beren etxeetatik alde egin behar baitute.

Estraktibismoan oinarritutako garapen eredua eragiten ari da pertsona eta komunitate ugarik ihes egitera behartuak izatea, eta bidean arrisku askori egin behar diete aurre. Horregatik guztiagatik, Rodríguez Ranzek nabarmendu du garrantzitsua dela “helmugako herrialdeetara iristen direnean, gizarte zibila eta erakundeak pertsona horiek hartzeko eta laguntzeko gai izatea eta erantzunkide sentitzea”.

Zentzu horretan. Sailburuordeak adierazi du “tokiko proposamen alternatiboak sortzeak lagundu dezake produkzio eta kontsumo eredu bat eraikitzen, jendea lekuz aldatzera behartzen ez duen eredua”, eta gehitu du “egoera honek Euskadin zein beste lurraldeetan ekintzak sortzea eskatzen digu”.

Defendatzaileei babesa

eLankidetzak Euskadiko errealitateei buruzko hausnarketa eta sentsibilizazioa bultzatzen duten ekimenak babeste ditu, besteak beste, `Deserrotuak´ biltzarra. Bertan, defendatzaileak, adituak eta Hegoaldeko zein Euskadiko esperientziak entzun ahalko dira.

Gauzak horrela, lankidetza agentziak zuzenean edo GGKEen bidez giza eskubideak defendatzen dituzten erakunde, komunitate eta sarrei laguntzen die. Ekimenen artean, Giza Eskubideen Defendatzaileak babesteko Euskal Programa nabarmentzen da, Euskadin defendatzaileak artatzeko eta haien babes eta eragin sareak indartzeko aukera ematen duena. Programa hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Giza Eskubideen zuzendaritzak gidatzen du, eLankidetzak lagunduta eta Zehar-Errefuxiatuak gauzatuta.