Jaurlaritzak laguntza emango du zahartze osasuntsuaren, mugikortasun elektrikoaren eta ekonomia zirkularraren arloko I+G trakzio proiektu kolaboratiboen diseinua bultzatzeko

Gobernu Kontseiluak, ZTBP 203-aren Zeharkako Trakzio Ekimenen esparruan, laguntza-programa berria, arautzen duen dekretua onartu du gaur.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren berritasun nagusien artean, zeharkako trakzio ekimenen kontzeptua dago. Ekimen horiek RIS3 espezializazio adimenduneko arloen arteko lankidetza bultzatuko duen tresna gisa ulertzen dira, eremu estrategiko zehatzetan. Hasiera batean, zeharkako hiru trakzio-ekimen proposatzen dira Zahartze Osasuntsuaren, Mugikortasun Elektrikoaren eta Ekonomia Zirkularraren eremuetan, hain zuzen ere.

Zeharkako ekimen eragileen helburu nagusia Ikerketa eta Garapenerako Zeharkako Proiektu Eragile berriak bultzatzea da. Proiektu horiek ezartzeak emaitza ukigarriak eta euskal gizartearentzat agerikoak lortzen ditu. Trakzio-proiektu horiek errazago identifikatzeko, tresna berri baten euskarria behar da, laguntza-programa bat, zeinaren baldintzak Gobernu Kontseiluak onartutako Dekretuan arautzen baitira.

Laguntza Programak diseinuaren hasierako fasea estaltzen du, eta, berrikuntza gisa, aurkeztutako proiektuak irismen eta dimentsio handiagoko trakzio-proiektuetan txertatu ahal izatea bilatuko da, balio-kateko eragileen arteko sinergiak eta lankidetza bultzatzeko.

Laguntzak gehienez ere 25.000 eurokoak izango dira eskaera bakoitzeko, eta mota horretako proiektuak gidatzeko gaitasuna duten erakundeei zuzenduko zaizkie, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile zientifiko-teknologikoak, klusterren antolakunde dinamizatzaileak, enpresak, elkarte edo fundazio gisa eratutako irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta erakunde eta sozietate publikoak barne. Ebaluatu ahal izateko eta dirulaguntza jaso ahal izateko, aurkezten diren proiektuek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte beren gaikako irismenari, guztizko aurrekontuari eta partehartzen duten erakundeen gutxieneko kopuruari dagokienez.

Laguntzetarako baliabide ekonomikoak dagozkien deialdien bidez esleituko dira, eta Lehendakaritzako Berrikuntza Funtsean sartutako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Aurreikuspenen arabera, urte honen amaieran laguntza-programa berriaren lehenengo deialdia onartuko da, eskabideak 2023. urtearen hasieratik aurkeztu ahal izateko.