Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak garapen iraunkorrari, giza eskubideei, genero ekitateari eta kultuartekotasunari buruzko 72 lan aurkeztuko ditu

Gaur goizean aurkeztu da Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 14. edizioa. Urriaren 13an hasi eta 20an bukatuko da, sari banaketarekin. Jaialdiaren helburutariko bat da garapen iraunkorra, giza eskubideak, genero berdintasuna eta kultuartekotasuna ikusarazten dituzten ikus-entzunezkoak ezagutzera ematea, eta gizarteari hurbiltzea maiz ikusezinak diren errealitateak.

Guztira, hainbat kontinentetako 32 herrialde ezberdinetako 68 lan ikusi ahal izango dira, zeinetatik % 44 emakumeak zuzendutakoak edo lagundutakoak baitira. 7, gainera, euskaraz izango dira. Era berean, Mexiko, Finlandia, Senegal, Kolonbia, Maroko, Peru, Guatemala edo Euskadiko zinemagileak egongo dira euren lanak aurkezten Golem Alhóndiga-Azkuna Zentroan, batez ere. Bizkaiko beste egoitza batzuetan eta batxilergoko eta heziketa profesionaleko beste 15 institutuetan ere ikusi ahalko dira.

Jaialdia, Kultura, Communication y Desarrollo KCD GGKEak sustatutakoa da, eta pertsona ororen ahotsa izan nahi du. Gainera, arreta jarri nahi du giza garapen ekitatibo eta iraunkorrean. Zentzu horretan, Carlos Vazquez KCDren zuzendariak gogorarazi du hasieratik jaialdiak ekintza positiboak burutu dituela berdintasuna sustatzeko, bai lanen hautaketan, bai eta emakume zinemagileen presentzian edo epaimahaiko pertsona kopuruan ere, bestea beste.

Gizarte-eraldaketarako zinema

Paul Ortega, eLankidetzako zuzendariak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren izenean hitz egin du. Sail horrek jaialdia babesten du, bai Migrazio eta Asilo zuzendaritzatik eta baita Emakunde eta eLankidetzatik ere. “Eusko Jaurlaritzak bultzatu nahi duenarekin zuzenean bat egiten du jaialdi honek, hala nola aniztasunari, generoari edo migratutako pertsonei dagokienez balioak aldatzea; kulturen arteko bizikidetza bultzatzea, eta gizartea eraldatzen lagunduko duten hezkuntza ekintzak sustatzea, hain zuzen”, azpimarratu du Ortegak.

eLankidetzak finantziatu eta modu aktiboan parte hartu du azkenengo 11 urteotan. Denbora horretan, zinema jaialdia funtsezko ekimena bihurtu da herritar kritiko eta errealitatearen jabe izan daitekeen gizartea sustatzeko.

Ildo horretan, laguntza hori (H)ABIAN 2030 Gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategiarekin lotutako ekimena da. Estrategia horretan, euskal erakunde, GGKEek, hezkuntza eragile eta Gizarte mugimenduak parte hartzen dute eta gizartea eraldatzeko hezkuntza ekintzak sortzeko konpromisoa dute.