Landa-eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna izan da udalerrietako bizikidetzari buruzko eztabaidaren ardatz

Beste urte batez, Eusko Jaurlaritzak eta HAZIk antolatutako Landa-eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu da, ohi baino egun bat lehenago, urriaren 15a larunbata baita. Oraingo honetan, jardunaldiaren gai nagusia landa eremuko bizikidetza izan da, eta, zehazki, ingurune horretan emakumeen rola sustatzen duten alderdiak.

Jone Fernández Eusko Jaurlaritzako Landaren, Itsasertzaren eta Europar Politiken Garapenerako zuzendariak aurkeztu du topaketa, eta honako hau azpimarratu du: “emakumeek funtsezko garrantzia dute landa-inguruneen garapenean eta gure udalerrietako biztanleria finkatzeko ezinbesteko kolektibo dira. Haien lanaren balioa azpimarratu eta maila ekonomikoan zein gizarte-esparruan duen garrantzia aitortu behar da, ikuspegi eta aukera berrien sustatzaile baitira”.

Jardunaldiaren aurkezpenean, honako hauek ere izan dira: Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzue, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa-garapeneko zuzendari Xabier Arruti eta Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari Miren Elgarresta.

Ezagutza eta harreman sareak

Oroigarrizko jardunaldian, landa-ingurunean emakumeen rola ardatz duten bi ekimen aurkeztu dira. Lehenik eta behin, Landaola, Gipuzkoako Landa-garapen Elkarteen Federazioak “Landa emakumeak gara” bere proiektuari buruzko informazioa eman du. Proiektu horren xedea da elkar-ezagutza sustatzea eta landa-eremuko emakumeen artean sareak sortzea. Erakunde horrek urteak daramatza inguru horretako emakumeen rolaren balioa azpimarratzen, eta helburuen artean honako hauek ditu: benetako genero berdintasuna sustatzea eta emakumeen ahalduntzea txertatzea.

Proiektu horren esparruan, eta Gipuzkoako landa-eremuko emakumeen arteko ezagutza sarea sortzeko, iaz sormen-lehiaketa bat abiarazi zuten, bizikidetza ardatz zuena, eremu horretako emakumeen rolari buruzko hausnarketa bultzatzeko. Landaolak lehiaketa horretan saritutako emakumeen testigantzak jasotzen dituen bideo bat hartu du oinarritzat ekimen hori abiarazteko izan duen esperientziaren, bidean jasotako ikaskuntzen eta aurkitutako zailtasunen, eta etorkizunerako aurreikusitako ekintzen berri emateko.

Bakardade-egoeran bizi diren adinekoak

Gizarte-ekimenetan diharduten kooperatibek osatzen duten Bogan taldeak Teknoadineko proiektua aurkeztu du, lan-eredu berritzaile bat. Proiektu horren xedea da udalerrietako Gizarte Zerbitzuei laguntzea gizarte-bazterkeria arriskuan dauden adinekoak garaiz identifikatzen eta, zaurgarritasun kasuetan, esku-hartzea hobetzea. Sistema horrek bi oinarri ditu: batetik, udalerri bakoitzean bakardadeak duen intzidentzia ezagutzeko teknologia berriak aplikatzea, eta, bestetik, auzo bakoitzean funtsezko eragileak aktibatzea (auzozainak), Gizarte Zerbitzuei behatzen dituzten arrisku-seinaleen berri eman diezaieten aplikazio informatiko baten bidez.

Jardunaldiaren amaieran egin den mahai-inguruan, landa-ingurunean bizikidetza eta emakumeen rola hobetzeko proiektu horien eta egon daitezkeen beste batzuen inguruan eztabaidatu dute, eta parte-hartzaileek beren esperientzia pertsonalean eta lanbide esperientzian oinarritutako testigantzak partekatu dituzte.