Marian Olabarrieta: «Suizidioa beti inguratu duen isiltasuna izan da, neurri handi batean, bere estigmatizazioaren erantzulea»

Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Marian Olabarrietak Gizarte Laneko XV. Jardunaldia inauguratu du gaur goizean Gasteizen, Suizidioa. Gizarte Lanetik aplikatutako hausnarketak izenburupean.

Arabako Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialak eta UPV/EHUko Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultateak bultzatutako topaketan, Olabarrietak «errealitate konplexu horri aurre egiteko ahalik eta tresna gehien bilatzea edo bateratzea» ahalbidetuko duten hausnarketa- eta eztabaida-foroak prestatzearen garrantzia aldarrikatu du. Suizidioaren fenomenoak «diziplina anitzeko ikuspegia eskatzen du», adierazi du. Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak ez du alde batera utzi «eztabaida luzea, modu publiko eta esplizituan jorratzea komeni den ala ez planteatzen duena», baina, adierazi duen bezala, «suizidioa beti inguratu duen isiltasuna izan da, neurri handi batean, haren estigmatizazioaren erantzulea». Suizidioari zorrotz heldu ahal izateko lehen baldintza «mito zaharrak haustea eta tabuari amaiera ematea» dela esan du.

OMEk osasun publikoaren lehentasuntzat jotzen duenari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak, 2019az geroztik, Euskadin suizidioa prebenitzeko Estrategia bat du, hau da, «suizidioaren inpaktua murriztera bideratutako lehen estrategia integrala, prebentzioaren, esku-hartze goiztiarraren eta kaltetutako familiei eta pertsonei arreta ematearen bidez». Eustatek egindako azken balantzeari dagokionez, 2020. urteko datuekin, Olabarrietak gogorarazi du «pertsona batek bere buruaz beste egiten duela Euskadin bi egunetik behin. Hau da errealitatea. Isilarazten badugu, ukatzen badugu, ezagutzen ez badugu, nekez aurre egin ahal izango diogu «, adierazi du.