Garamendik euskal autogobernuaren, gardentasunaren eta gobernantza jardunbide egokien eredua jakinarazi die Txileko zenbait gobernadoreri

Deszentralizazio prozesuan murgilduta, Txilek birmoldaketa eta berreraikuntza instituzionalaren aro berri bati aurre egiten ari zaio presidente berria boterera iritsi ondoren. Hilabete gutxiren buruan, hainbat truke presentzial eta telematiko izan dira Hego Amerikako eskualdeko agintarien eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien artean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela. Testuinguru horretan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendi berriro bildu da gaur Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan Txileko hiru gobernadorerekin, hauek euskal errealitate instituzional, politiko eta sozialarekiko interesa agertu baitute.

Garamendik euskal autogobernuaren zutabe nagusiak eta Estatuaren deszentralizazio eredua azaldu dizkie Txileko gobernadoreei, bai eta euskal erakundeen arkitektura bereziaren oinarriak eta Eusko Jaurlaritzak garatutako politika publikoak ere, besteak beste.

Txileko eskualdeetako gobernadoreek bestelako kontu batzuetan ere interesa agertu dute, hala nola Eusko Jaurlaritzaren gobernantza ereduan, gardentasun politiketan edo Eusko Jaurlaritzak hedatutako jardunbide egokien eta etika publikoaren katalogoan.

Garamendi Sailburuarekin batera, Jone Berriozabal Erakunde Harremanetarako Sailburuordea eta Jon Urbina Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Eusko Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaria egon dira. Txileko ordezkaritza Patricio Ivan Vallespinek, Pablo Manuel Silvak eta Miguel Eduardo Vargasek osatu dute, Los Lagos, O ‘Higgins eta Atacama eskualdeetako gobernadoreak, hurrenez hurren.

Ez da Garamendi Andeetako zenbait ordezkari instituzionalekin biltzen den lehen aldia. Joan den martxoan Txileko Biobio eskualdeko gobernadore Rodrigo Diazekin bildu zen. Orduan ere, interes komuneko gaiei buruzko iritzi eta hausnarketak partekatu zituzten, autogobernuaren eta Estatutuaren garapenaren euskal eredua bereziki azpimarratuz.