Genero-indarkeria digitala ikusaraztea

Digitalizazioa eta IKT tresnak gero eta gehiago finkatzen ari dira gure egunerokotasunean, eta gure bizitzako alderdi bakoitza tindatu dute. «Modernizazioko» eta garai berrietara egokitzeko prozesu honetan, genero-indarkeria digitala ere sartzen eta gorpuzten ari da, eta hori aurkeztu eta ezagutarazi beharra dago.

Genero-indarkeria digitala da pertsona batek bere bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurka teknologia berrien bidez (posta elektronikoa, WhatsApp mezularitza) edo sare sozialen bidez egiten duen eraso psikologiko oro, denboran jarraitua eta errepikatua, diskriminatzeko, menderatzeko eta pertsonaren pribatutasunean, haren baimena gabe, sartzeko helburu bakarrarekin. Horren adibide dira iraintzea, mehatxatzea, beldurtzea, elkarrizketak zelatatzea, argazkietan kuxkuxean ibiltzea eta pasahitzak lapurtzea, umiliatzeko profil faltsuak sortzeko…

Indarkeria mota horrek zabalkunde izugarri eta geldiezina du. Pertsona guztiok gaude haren eraginpean, eta garrantzitsua litzateke hori buruan izatea; izan ere, Interneten argazki bat bidaltzen edo igotzen den unean, jada ez da zurea izango, eta haren gaineko kontrola galduko duzu.

Genero-indarkeria mota hori ez da hain agerikoa eta arreta gutxiago ematen zaio. Emakume askori eragiten die, eta, gainera, inplikazio larriak ditu. Mundu fisikoko hitzezko erasoak eta eraso psikologikoak birtualean errepikatzen ditu, askotan sareen anonimotasuna aprobetxatuz.

Azken urteotan, hainbat kasuk komunikabideetara egin dute salto, eta iritzi publikoa genero-indarkeria digitalaren larritasunari buruz sentsibilizatzeko lehen urratsak egiten hasiak gaude. 2017an, bi urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten gizon bati, bikotekidearen telefono mugikorrean, hark jakin gabe, espioi-software bat instalatzeagatik. Kasu larrienetako bat 2019an Madrilgo IVECO kamioi-fabrikako emakumezko langile batek bere buruaz beste egin izana izan zen, eduki sexualeko bideo bat baimenik gabe zabaldu ondoren; kasua artxibatu egin zen, nork zabaldu zuen jakin ez zelako. 2020an, Espainiako Polizia Nazionalak gizon bat atxilotu zuen Logroñon, neska gazte bati –Instagrameko profil faltsu baten bidez jarri zen harekin harremanetan– sexu-erasoa egitea eta adingabeak galbidean jartzea egotzita.

Espainiako Teknologia eta Gizartearen Behatoki Nazionalak (2022) –Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzaren bidez Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari atxikita dago– genero-indarkeria digitalari buruzko txosten bat argitaratu du Policy Brief seriearen barruan. Hona hemen txosten horretan jasotzen diren datu batzuk:

Emakumeek beren ohorearen eta intimitatearen aurkako erasoak eta delituak jasaten dituzte esparru digitalean etengabe, bizitza errealean jasaten duten indarkeriaren isla. Genero-indarkeria digitalak ondorio larriak ditu.

  • Sare sozialen bidez jazarpena pairatu duten emakumeen % 54k izu-erasoak, antsietatea edo estresa jasan dituzte.
    • Online jazarpena pairatu duten nesken eta gazteen % 42k estres emozionala, autoestimu txikia eta konfiantza-galera jasan dituzte.
    • Espainian, 16 eta 25 urte bitarteko emakumeen % 25ek baino gehiagok jaso dituzte intsinuazio desegokiak sareen bidez.
    • Hamarkada batean baino gutxiagoan, bost aldiz areagotu dira Espainian teknologiaren bidez sexu-helburuetarako 16 urtetik beherakoekin harremanetan jartzearen delituak.

Digitalizazioa bizitzako edozein alderdi ari da gero eta gehiago blaitzen, eta tresna digitaletan oinarritutako genero-indarkeria oztopo handia izan daiteke biktimentzat. Hori horrela, unibertso digitala uztera behartuta egon daitezke, eta horrek ondorio psikologiko, sozial eta ekonomiko larriak ekarriko diezkie.

Europako Parlamentuak kalkulatu duenez, 49.000 eta 89.300 milioi euro artekoa da ondorio horien balio ekonomikoa EB osorako. Kostu hori hauen ondorio da: emakumeek bizi-kalitatea galtzea, haien lan-egoeran duen eragina (mundu digitalean baldintza berdinetan parte hartu ezin dutelako) eta haiek behar duten arreta medikoa. Kalkulu ekonomiko horrek erakusten ditu arazoaren munta.

Hala ere, gizarte-kostua askoz ere harago doa: emakume asko bazterketa digitala jasateko arriskuan daude, esparru horretan pairatzen duten indarkeriaren ondorioz. Pandemiak areagotu egin du fenomeno hori.

Genero-indarkeria digitalak gure herrialdean duen eragina aztertzerakoan aurre egin behar diogun lehen arazoa estatistiken eskasia da. Barne Arazoetako Ministerioaren Kriminalitateari buruzko Estatistika Atariak, 2020rako, emakumeen 1.068 biktimizazio jasotzen ditu, legez kanpoko sarbide informatikoa dela kausa; 5.134, mehatxuak direla kausa; 1.069, derrigortzeak direla kausa; eta 1.245, sekretuak aurkitzea eta ezagutaraztea dela kausa. Estatistika ofizialek goranzko joerari eusten diote.

Txostenak argi uzten du lehen mailako arazo baten aurrean gaudela; gizartearen maila zabalei eragiten die, bereziki emakume nerabe eta gazteei, eta horietako askori teknologia digitalen erabilera eta gozamena zailtzen die –ezinbestekoak dira arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko, garai honetan–.

Indarkeria horrek eragiten dituen ondorioetako batzuk dira norberaren irudia kaltetzea, ohorerako eta intimitaterako eskubidea kaltetzea eta familian, lanean edo eskolan sortzen dituen nahasmenduak, batez ere emakumeenak.

Beraz, genero-indarkeria digitalari heltzeko lehen urratsa indarkeria hori kontzeptualizatzea eta mugatzea da; prebentzioa, biktimentzako arreta eta delituaren jazarpena dira indarkeria desagerrarazteko tresnak.