Ostegunean hasiko da udako denboraldia Donostiako hondartzetan

Orain ari dira azkeneko ukituak ematen Donostiako hondartzei, ostegunean hasi eta irailaren 30era arte izango den denboraldian dena prest izateko.

Miguel Angel Diez Hiri Mantentze Lanetako zinegotziak adierazi du “denboraldiko berritasun handienetako bat Kontxako aldagelena dela, erabat berritu dituztela eta. Bi ekinalditan egin zituzten obrak: iaz, aurrenekoa, eta 2022ko udan hasi eta orain amaitutakoa bigarrena. Denera 459.996 euroren inbertsioa izan da. Kontxako kabinen erabiltzaileek hormetan, sabaietan, egur itxurako paneletan, dutxetan eta baita ile-lehorgailuetan ere (gehiago dira) igarriko diote aldaketari.”

Kabinen ordutegia 09:00etatik 20:00etara izango da, ekainetik irailera, eta baita 20:30era bitarte ere uztailean eta abuztuan. Ixteko ordua izateko ordu erdi baino gutxiago falta bada, ez dago aldageletara sartzerik.

  • Balizaje berria jarri da Kontxan
  • 29 soroslek hondartzak zainduko dituzte ekainaren 1etik irailaren 30era, erreskateetarako uretako bi motorekin
  • Kontxako bainu lagundua hiru aulki anfibiorekin egingo da ekainaren 15etik irailaren 15era
  • 22 langilek osatzen dute hondartzak egunero garbitzeko taldea
  • 9 surf eskola baimendu dira Zurriolan ikastaroak emateko.

Maiatzaren 31 txakurrak hondartzara sartzeko baimenduta den azkeneko eguna.