Hezkuntza Sailak 883.000 euro bideratu ditu prestakuntza-jardueretan inplikatutako hezkuntza-komunitateko hainbat elkartetarako

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, hezkuntza-komunitatea osatzen duten hainbat elkarteri dirulaguntzak emateko deialdia egiten duen Agindua, elkarte horiek garatzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzeko.

883.000 euroko diru-kopurua duen deialdi honen onuradun izan daitezke:

  • Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteak;
  • Hezkuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteak (Haur Hezkuntzako lehenengo ziklokoak alde batera utzita);
  • Hezkuntza ez-unibertsitarioko ikasleen gurasoen elkarte-entitateen federazio eta konfederazioak;
  • Hezkuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeen titulartasuna duten hezkuntza-kooperatibak;

Laguntza-deialdi honen helburua familien parte-hartzea eta lankidetza sustatzea da, elkarteen bidez, jarduera osagarriak antola ditzaten. Jarduera horiek ikastetxearen hezkuntza-proiektuarekin bat etorri behar dute, eta barne hartu beharko dituzte prestakuntza-jarduerak bai guraso eta tutoreentzat bai ikasleentzat beraientzat. Jarduera horiek 2022ko abenduaren 3tik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean burutuak izan beharko dute.

Laguntzak honako gastu hauetara bideratu beharko dira:

  • Prestakuntza-jardueren gastuak (ikastaroak, mintegiak, tailerrak, barnetegiak), bai eta antolaketari dagozkion gastuak ere, elkarte onuradunekin lotura duten ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzenduak.
  • Elkarte onuradunen funtzionamendurako beharrezkoak diren azpiegitura-gastuak.
  • Ikasleei nahiz ikasleen gurasoei zuzendutako jarduera osagarrien gastuak (irteerak, txangoak, topaketak, hizlarien dietak edo lokalen alokairua eta jarduera osagarriari lotutako materialen erosketa).

Diruz lagunduriko jarduerak gutxienez alderdi hauetako bat betetzera bideratuko dira: ikasleen osasun emozionala hobetzea; bizikidetza positiboa; jarduera fisikoetan eta kirol-jardueretan nahiz aisialdiko jardueretan euskararen erabilera sustatzea; hezkuntza-komunitateko pertsona guztien konpetentzia digitala hobetzea, eta eskola-komunitateko kide guztiak motibatzea. Izan ere, ikasleen eskola-arrakasta eta arrakasta pertsonala lortzea da helburu komuna. Halaber, deialdi honen xede diren jarduera guztiek inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegia izan beharko dute.

Laguntzak lerro hauetan banatuko dira elkarte edo kooperatiba onuradunen artean:

1 dirulaguntza lerroa: 500.000 euro Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteentzako eta hezkuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteentzako (Haur Hezkuntzako lehenengo ziklokoak alde batera utzita).

2. dirulaguntza lerroa: 350.000 euro hezkuntza ez-unibertsitarioko ikasleen gurasoen elkarte-entitateen federazio eta konfederazioentzako.

3.dirulaguntza lerroa: 33.000 euro hezkuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeen titulartasuna duten hezkuntza-kooperatibentzat.