Lehendakariorde Mendiak inbertsioa eta pertsonenganako konfiantza enpresa-kulturaren ideia nagusi gisa txertatzeko eskatu du

FESLAN inauguratu du, Enplegu Azoka eta Gizarte Ekonomiaren Kongresua, pertsonak balioak dituzten enpresekin konektatzeko «plaza publikoa»

Idoia Mendia Lehendakariordeak «inbertsioa eta pertsonenganako konfiantza enpresa-kultura osoan indar-ideia gisa txertatzeko» eskatu du gaur. Gizarte Ekonomiak dagoeneko egiten du hori, eta abantaila ematen dio, «pertsonak, konpromisoa eta ongizatea dituelako bere enpresen motor gisa».

Donostiak 2023. urte osoan duen Gizarte Ekonomiaren Espainiako hiriburutzaren esparruan, lehendakariordeak FESLAN inauguratu du gaur, Enpleguaren Azoka eta Gizarte Ekonomiaren Kongresua. Zuzentzen duen Sailak antolatutakoa, Lanbide –  Enplegu Zerbitzu Publikoarekin batera, FESLANek Gizarte Ekonomiaren eremuko enpresen eta enplegua eskatzen duten pertsonen arteko topagunea izan nahi du. «Gizarte Ekonomiaren etorkizuna zu zara» lelopean, inaugurazioan izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, José Antonio Asensio Gipuzkoako Iraunkortasun diputatua eta Maravillas Espín Lan Ministerioko Gizarte Ekonomiako zuzendari nagusia. Sailaren aldetik, Elena Pérez Barredo eta Alfonso Gurpegui sailburuordeak bertaratu dira, baita Lanbideko zuzendari nagusi Francisco Pedraza ere.

Euskadi, munduko erreferentea

Mendiak bere hitzaldian gogorarazi duenez, Euskadi munduko erreferentea da ekintzailetza kolektiboan, “erakargarri bihurtu diren enpresekin, erdian pertsonak dituztelako, aberastasuna sortzeaz gain hobeto banatzen duten proiektuetan inplikatzen direlako, parte hartzera irekitzen direlako eta elkarrekin lan egiten dakitelako, eta, gainera, badakite aniztasuna kudeatzen eta arrazoi fisiko edo sozialengatik zailtasun gehien dituzten pertsonak integratzen eta enpresa arruntean sortzen ez diren aukerak eskaintzen dizkiete”. Hauxe da Gizarte Ekonomia, gaineratu duenez, «talentua aurkitzen dakiena, bat bera ere gutxietsi gabe».

«Erronka bat dugunez talentuarekin, eta pertsona guztiengan dagoenez», Lehendakariordeak eskatu du «inbertsioa eta pertsonenganako konfiantza enpresa-kultura osoan indar-ideia gisa txertatzeko», eta gogorarazi du Gizarte Ekonomiak dagoeneko egiten duela hori, «pertsonak, konpromisoa eta ongizatea dituela bere enpresen eragile», eta horrek abantaila ematen diola gainerakoen aldean.

Horregatik sortu zen FESLAN, Lanbideren eta Merkalan urteko azokaren esperientziatik eta Euskadiko Gizarte Ekonomiaren ehunka urteko esperientziatik, «pertsonak balioak dituzten enpresekin konektatzeko, batzuek eta besteek bilatzen dutenaren arteko lotura lortzeko eta munduan ezagutzen den adierazpenik arrakastatsuenetako baten bokazioa sustatzeko asmoz, ekonomia baloreekin, sustraiekin, gizarte-konpromisoarekin eta aurrerapen ekonomikoarekin kohesioarekin sustatzeko».

Gizarte Ekonomiako 4.000 enpresa inguru

Euskadin, gogora ekarri duenez, gaur egun 4.000 enpresa inguru daude «balio horietatik sortuak», hamarnaka mila pertsonari lana ematen dietenak, eta ia sektore ekonomiko guztietan daude. «Gobernuetan indar handiz ari gara formula horrekin laguntzen. Hemen, Euskadin, babes ekonomikoarekin ez ezik, legeria eta plan estrategiko sendo batekin ere, adostasun politiko eta sozial zabal batekin», adierazi du, eta baloreak dituen ekonomiaren hedapen horrek «desberdintasun-tasa txikiagoak eta gizarte-kohesio handiagoa ere azaltzen ditu».

Ildo horretan, lankidetza-ekintzailetzarako atea ireki die pertsonei, eta zuzentzen duen sailaren, Osalanen eta Lanbideren tresna guztiak eskaini ditu bere helburua lortzeko. «Ez dira laguntza ekonomikoak bakarrik, historian zehar eskaintzen ari garen nagusiak, orientaziorako laguntzaz, administrazio-baliabideez eta lan-osasunaren arloko aholkularitzaz ari gara», errepikatu du.

Era berean, gogorarazi du Lanbide-Enplegu Zerbitzu Publikoak bere esperientzia guztia eskaitzen diola Gizarte Ekonomiari, eta «erreferentzia izan nahi duela kooperatibei, lan-sozietateei, enplegu-zentro bereziei, laneratzeko enpresei eta enpresa solidarioei laguntzeko».