Ekintzaileen proiektuak abian jartzen laguntzeko gunea: KABIA sortu da

Eusko Jaurlaritzak HAZIren bidez bultzatutako ekimen berria aurkeztu da, beren jarduera Euskadiko landa‑guneetan eta itsas eremuan gauzatzen duten edo negozio-proiektu berriak hasi nahi dituzten ekintzaileei laguntzeko. Halaber, elikagaien eta zuraren balio‑katearekin lotutakoei ere lagunduko zaie. KABIA izenpean, gune berri honek topaketa fisiko eta digitalerako topagune bat eskaintzen du. Xedea da interesak, erronkak eta esperientziak partekatzen dituzten pertsonen, sektoreko eragileen eta ekintzailetza‑proiektuetan laguntzeko ekosistemako erakundeen arteko harremana sustatzea.

Enpresa-proiektu berriari ekiteko orduan, HAZIren laguntza eskatu duten pertsonen % 80k banaka eskatzen du laguntza. Negozio berria abian jarri nahi denean, ia beti ibilbidea bakarkakoa da, eta hainbat ziurgabetasuni eta zalantzari erantzun behar zaie, ez baitakigu argi nondik hasi behar dugun edo ez baitugu nahikoa gaitasun.

Horregatik abiarazi zen 2015. urtean Ostegun Ekintzaileak programa. Aurrez aurreko topaketak dira, eta ekintzaileen arteko harremana sustatzen dute, esperientziak partekatu, aukerak antzeman edo proiektuak ideia berritzaileekin osatzeko. Hain zuzen ere, foro horretan sortu zen aurrerapausoak ematearen beharra, batetik, kultura ekintzailea bultzatzeko eta, bestetik, ekimenak zituzten pertsonak konektatzeko.

Behar horren erantzuna da KABIA, aurreko guztia gune birtual batean elkartzen duen ekimena alegia. Bertan, aurrez aurreko topaketetako material oro ageri da, eta foro gisa erabiliko da erkidego ekintzaile guztia etengabe antolatuta eta konektatuta egoteko, eta prestakuntza-ikastaroetara, esperientzia inspiratzaileen adibideetara, kontaktu-sarera eta adituen aholkularitzara… sarbidea izateko.

Su motelean prestatzen

KABIAren izaera azaltzeko, bertako kideen ordezkaritza batek plater gastronomiko bat prestatu du aurkezpenean, erkidegoan ekiteak dituen onurak irudikatzeko. Izan ere, emaitza ezin hobera iristeko osagaiak ondo konektatuta dauden ekintzaileak dira.

Ekintzailetzaren aldeko hainbat eragile eta erakundetako ordezkariez gain, ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari Jone Fernández Landa izan da. Halako ekimenak oso positiboki baloratu ditu, “elkarlanerako, solasaldirako, ideien trukerako, ikaskuntzarako eta berrikuntzarako erreferentziazko eremuak sortzeko beharrari erantzuten baitiote. Azken finean, ekimen horiekin gure enpresen lehiakortasuna eta aurrerapena hobetzen dira”.

Gainera, zuzendariak esan du “ekintzailearen arazo nagusiak zenbait gairi aurre egiteko egiturarik ezarekin lotuta daudela. Horregatik dira garrantzitsuak KABIA eta antzeko topaguneak, gainerakoekin elkarrekintzan jarduteko norbanakoaren borondatetik eta ekosistema ekintzailea eraginkortasunez hobetu eta indartzen laguntzeko asmotik abiatuta eratuak”.

info+: www.onekin.eus