Tantai Baso Jabe Kooperatibak lantokia ireki du Arrasateko Industrialdean Euskadiko baso-kudeaketaren eredua eraldatzeari ekiteko

Arabako kooperatiba gazte hau Arrasateko Markulete industrialdean instalatu da duela gutxi, Deba Bailarako Industrialdea, S.A.k kudeatuta, basogintza jasangarriaren garapenean zerbitzu bat emateko, bazkideei eta bezeroei espezie autoktonoz osatutako baso-masak egokitzeko kudeaketa-eredu baterantz eraldatzen lagunduz eta baso-mozketak saihestuz.

Bere instalazio berrietan, Tantai Baso Jabe Kooperatibak enpresa-helburu berri bati eta ilusioz beteriko etapa bati ekin dio eta, horri esker, hasieratik kudeatu ahal izango du 1.000 hektarea baino gehiagoko baso-azalera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

DebaGoiena 2023 sarearen barruan prototipo bihurtzeko prozesu bat egin ondoren, Tantai Baso Jabe Kooperatiba 2023ko urtarrilean sortu zen, gure basoak kudeatzeko eredu berri bat bultzatzeko helburu sozialarekin. Honako hauek dira bere ardatz estrategiko nagusien helburuak: espezieen aniztasuna areagotzearen alde lan egitea, balizko mehatxuen aurrean erresilientzia areagotzea, esku-hartze potentzialen kostua murriztea eta ekosistema egonkortzea, denboran jasangarriak eta egonkorrak diren basoak sortzeko.

Hasieratik kudeatu ahal izango du 1.000 hektarea baino gehiagoko baso-azalera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Tantai kooperatibaren izaera komunitarioa mendi-jabe bazkideen, bazkide langileen eta bazkide laguntzaileen parte-hartzean oinarritzen da, eta horrek izaera integrala ematen dio proiektuari. Horretarako, aholkularitza, laguntza eta arreta pertsonalizatuko zerbitzua eskaintzen die bazkideei, hiru fasetan garatzen dena: inbentarioa, plangintza eta baso-kudeaketa egikaritzea.

Zuk. Tantai, basoa kudeatzeko puntako aplikazio berria

Errez Kooperatiba Elkarte Txikia-rekin eta Agresta Cooperativa-rekin lankidetzan, Tantai Baso Jabe Kooperatibak Zuk.Tantai diseinatu du, Euskal Herrian aitzindari den aplikazio teknologikoa, bazkide erabiltzaile eta langileei informazio eguneratua eskaintzen diena baso-kudeaketarekin lotutako erabakiak aztertu eta hartzeko.

Zuk.Tantai aplikazioak aukera ematen du jabeen baso-masei lotutako kartografiak eta datuak denbora errealean ikusteko, egoerak aztertzeko eta gauzatu beharreko proiektuei edo esku-hartzeei erantzuteko.

2024rako, Tantaik, alde batetik, Zuk.Tantai aplikazio teknologikoa handitzea eta hobetzea aurreikusi du eta, bestetik, baso-kudeaketako teknikari profesionalen talde bat eratzea, partikularren eta elkartekideen baso-sailen proiektuetan lan egiteko.

Tantai Baso jabe Kooperatiba