Enpresa industrialen eta industria adimendunean espezialistak diren enpresa digitalen arteko elkarlana erraztuko du SPRI Taldeak

SPRI Taldeak, Enpresa Digitala egitasmoaren bidez, “Enpresen Networkinga 2024 – Smart Industry kongresua” egingo du apirilaren 24an, Bilbon, enpresa industrialen eta zerbitzu digitalak ematen dituzten enpresen arteko elkarlana aktibatzeko. Beste pauso bat da euskal enpresei haien eraldaketa digitalean laguntzeko, hala, lehiakorragoak izan daitezen. Enpresen garapenerako euskal agentziak topaketa hau antolatu du, hainbat sektore industrialetako (automobilgintza, aeronautika, energia edo makina-erreminta) enpresek hornitzaileen zerbitzua ezagutu dezaten. Hornitzaile horiek produktu teknologikoen bidez lagunduko diete, haien negozioaren errentagarritasuna hobetzeko.

Kongresu honetan, ETE-ek eskura izango dituzte EIKTen hainbat hornitzaile, “industria adimendunaren” sektoreetan esperientzia egiaztatua dutenak. Horiekin bilerak eska ditzakete, eta haien negozioari ongien egokitzen zaizkion produktuak/zerbitzuak ezagutu ditzakete. Teknologia hauek jarriko dira mahai gainean: fabrikazio aditiboa, robotika kolaboratzailea, sistema ziberfisikoak, errealitate areagotua, errealitate birtuala, ikusmen artifiziala, cloud computing, big data, zibersegurtasuna eta adimen artifiziala.

Bileren agenda pertsonalizatu bat izango dute enpresa industrialek eta EIKT zerbitzuak hornitzen dituzten enpresek, euren artean adoztatuta.

Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak, emango dio hasiera kongresuari. Tomás Iriondo GAIAko (EIKT sektoreko enpresa guztiak biltzen dituen klusterra) zuzendari nagusiak ere parte hartuko du, eta honakoari buruz hitz egingo du: “TEII sektorea, NEXT eraldaketa-estrategien zerbitzura”.

Ondoren, hiru enpresak haien esperientzia partekatuko dute industria adimendunaren garapenaren gainean eta laugarren iraultza industriala deritzonari aurre egiteko moduaren gainean. Enpresa interesdunen arteko bi aldeko bilerekin amaituko da ekitaldia.

Eusko Jaurlaritzaren 2025erako Euskadiko Eraldaketa Digitaleko Estrategiaren barruan kokatzen da kongresua. Erakundeen arteko lankidetza sustatzea da egitasmo honen helburua, ekoizpen-prozesuetan EIKTak (Elektronika, Informazioa eta Komunikazioaren Teknologiak) txertatzea bultzatzeko, enpresetan industria adimenduna garatzeko apustu gisa, euskal industriaren eraldaketa digitala moldatzeko eta abiadura ezberdinak saihesteko helburuz.