Arkitecnicas: “Passivhaus estandarra da oraingoz dagoen eraikitzeko modurik onena”

Passivhaus kontzeptuarekin lotutako arkitektura-proiektuak kudeatzen dituen kooperatiba arabarra da Arkitecnicas. Arkitektura-bulego profesionala da, eta gaian adituak diren hiru emakumek osatzen dute. Kooperatibaren sortzaileek une honetan esku artean dituzten proiektuek eraikinen eta eremu berezien eraginkortasun energetikoa eta jasangarritasuna bilatzen dituzte, funtsean. Zaramaga auzoaren berritze-lanetan edo orain dela gutxi eraiki duten Kora Green City eraikinean topa daitezke haien ezagutza eta esperientzia. Haien jardueraren oinarrian passivhaus ziurtapenaren estandarra dago. Honakoei jartzen die arreta estandarrak: isolamendu termikoa, infiltrazioen kontrola, barneko airearen kalitatea eta eguzki-energia aprobetxatzea, beste gauza batzuen artean. Eraikin tradizional baten kasuan, hura aplikatzeak % 70 inguru murriztu dezake energiaren kontsumoa, Adelina Uriarte kooperatibako bazkide sortzailearen hitzetan.

Urte asko daramatzazu passivhaus kontzeptuaren inguruan lanean…

  1. urtean ezagutu nuen passivhaus estandarraren gaia, eta oso zentzuzkoa iruditu zitzaidan. Proba bat egin genuen neure etxean, eta handik aurrera ez dut eraikitzeko beste modurik ulertzen. Orain arte ezagutzen den modurik onena dela uste dut.

Zure ustez zergatik kostatzen da oraindik ere estandar mota horren aldeko apustua egitea, modu orokorrean?

Baliteke erosotasunagatik izatea. Askoz errazagoa da dakizuna egiten jarraitzea, gauza berriak ikastea baino. Eraikuntzaren munduan, araudia betetzea nahikoa da. Eta, nire ustez, araudia hankamotz gelditzen da. Zure konfort eremutik irten behar duzu, egin duzuna aztertu, hobeto egin daitekeela pentsatu eta horretan saiatu.

Zer testuingurutan sortu zen Arkitecnicas?

Hiru bazkideko kooperatiba bat da, eta hirurok dugu Arkitektura Teknikoko titulua. Lankidetza puntualen bat egiten hasi ginen; adibidez, landetxe bat passivhaus estandarrarekin birgaitzea. Interesgarria iruditu zitzaigun elkarrekin lan egitea, eta kooperatiba gisa lan egitea pentsatu genuen; figura interesgarria iruditzen zitzaigun. 2021ean eratu genuen enpresa, formula hori erabilita, eta bi urte eta erdiko ibilbide nahiko emankorra egin dugu.

Hainbat proiektutan ari zarete lanean, esaterako, Zaramaga auzoaren zaharberritzean. Eta beste enpresa batzuekin batera aurkeztu zarete Principal Antzokia berritzeko. Zer funtzio betetzen ari zarete?

Hala da. Udalak lizitatu berri du Principal Antzokia, passivhaus estandarrarekin; zehazki, Enerfit estandarrarekin, hau da, birgaitzeari egokitutako estandarrarekin. Obra garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Hiriko antzoki handia dela kontuan hartu gabe, 1907ko eraikin baten zaharberritzea egitean eraginkortasun energetikoa aintzat hartzea pauso garrantzitsua da passivhausen. Lehiaketara aurkezteko orduan, hainbat enpresak eskatu digute laguntza. Hemendik hilabete batzuetara esleituko dira lanak, eta parte hartu ahal izatea espero dugu. Lanak urrian hastea aurreikusten du Udalak.  Eta, Zaramaga auzoari dagokionez, egingo den esku-hartzeak eraginkortasun energetikoarekin izango du zerikusia, nagusiki.

Une honetan eraikinen zer ehuneko egiten da Gasteizen passivhaus izendapenarekin?

Ez dugu datu zehatzik, baina ehunekoa oso baxua da. Bada adibideren bat hiri eremuetan, hala nola Zurbanon. Baina, Gasteizen, etxebizitza partikularrak dira, batez ere. Kora Green City egin da; iazko eraikuntzarekin proportzioan jarriz gero, pisu handia izan zuen. Obra horretan, zehazki, kanpo-aholkulari gisa aritu gara. Passivhaus estandarrarekin ziurtatuta dago, eta modu horretan egin ez balitz baino % 70-% 80 gutxiago kontsumitzen du.

Arabako eraikinen % 92k ez dituzte betetzen eraginkortasun energetikoari buruzko Europako arauak. Horrek esan nahi du lehenago edo beranduago obrak egin beharko dituztela leihoak aldatzeko, fatxadak babesteko eta abar. Hori aukera bat da passivhausentzat?

Bai, aukera bat da. Baina, passivhausentzat aukera bat den moduan, aukera bat da oso ondo saltzen duen jende askorentzat ere. Hau da, obra bat egin behar denean, jendeak eskaintzarik onena aukeratzen du. Bat-batean, denek passivhaus egin dute, eta denek dakite zer den eraginkortasun energetikoa. Merkatuarentzat aukera ona da hobetzeko, baina erosleentzat, batzuetan, zaila da ongi eginda dagoena eta gaizki eginda dagoena bereiztea.