- Lehendakariak EHUren Udako Ikastaroen 44. edizioa inauguratu du
- “Gure kabuz pentsatzeko daukagun gaitasuna, ikasteko grina, arrazoiketa kritiko eta enpatikoa eta gisa horretako balioak indartu behar ditugu”, nabarmendu du Imanol Pradalesek
Imanol Pradales Lehendakariak gaur arratsaldean EHUren Udako Ikastaroak inauguratu ditu, eta Euskal Unibertsitate Publikoaren ausardia eta anbizioa aldarrikatu ditu, “ezagutza euskal gizartearen eskura ipintzeko, garai bakoitzeko erronka sakonenak identifikatzeko eta desafio horietaz hitz egiteko eta hausnartzeko gune partekatuak eraikitzeko. Orduan beharrezkoa zen eta orain ere beharrezkoa da”, adierazi du Imanol Pradalesek, 1982an abian ipini ziren ikastaroei aipamena eginez. Lehendakariak erakunde honek duen balioa nabarmendu du, “elkarbizitzaren eta demokraziaren zutabea” izateagatik.
Lehendakariaren ahotan, “ikastea irekitzea da” eta “ikasteko irrikak lotura zuzena du etorkizun hobea eta gizarte aurreratuagoa eraikitzeko irrikarekin. Pertsona gisa, komunitate gisa eta nazio giza hazteko giltza da ikastea. Aurrerapenaren itsasargia”, gaineratu du.
Era berean, Lehendakariak bere aurkezpenean gaur egungo egoeraz ere hausnartu du. Izan ere, teknologikoki garatuta dagoen gaur egungo gizartean, parean ditugun erronkak gero eta konplexuagoak direlarik, “gero eta gehiagotan jartzen da zalantzan, lotsarik gabe, ebidentzia zientifikoa, eta berehalako konponbide sinplistak eskaintzen dituztenak indarra hartzen ari dira”, azaldu du Lehendakariak; horretaz gain, zaila da “egiaren eta egia ez denaren artean bereiztea, algoritmoak edo adimen artifizial lausoak baliatzen dituzten manipulazio estrategiengatik”.
Testuinguru honetan, Pradalesek zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiteko premia dagoela berretsi du, “lehiakortasunaren, kohesio sozialaren eta bizitza-kalitatearen iturri gisa bakarrik ez, baita elkarbizitzarako eta demokraziarako zutabe gisa ere”, adierazi du.
Horrela, Lehendakariak abangoardiako ezagutza sortzeko Euskal Unibertsitate Publikoak daukan zeresana azpimarratu du, baina baita jakintza demokratizatzeko ere. “Gure kabuz pentsatzeko daukagun gaitasuna, ikasteko grina, arrazoiketa kritiko eta enpatikoa eta gisa horretako balioak indartu behar ditugu. Balio horiei esker, Euskadi aurreratu, bidezko eta irekia eraiki ahal izan dugu, zeinak ikastaro hauek eman baitzituen duela lau hamarkada baino gehiago”, nabarmendu du.
Amaitzeko, Pradalesek herritar guztion erantzukizunari dei egin dio, “ikasteko eta hausnartzeko guneak” baliatzen jarraitzeko.