HAPOa eremu horretan aldatzeko bultzatutako ideien lehiaketa publikoak hiri-eremu hori biziberrituko duten bost proposamen aintzatetsi dira
Asteazken honetan aurkeztu da Donostian Amara auzoko Playa de Vías eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Aldaketa Puntuala idazteko lehiaketa publikoaren bost proiektu irabazleen hautaketa ofiziala. Ekitaldian Eneko Goia alkateak eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak parte hartu dute.
Hiria eraldatzeko proiektu estrategikoa
Playa de Vías operazioa Donostiako erdialdean azken bi hamarkadetan izan den etxebizitza babestuen hirigintza-eraldaketa handiena da. Proiektu honekin, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak erdiguneko eremu estrategiko batean etxebizitza babestu eta eskuragarriari lehentasuna ematearen aldeko apustu irmoa egiten dute, aldi berean hiri-kohesioa eta espazio publikoaren kalitatea bultzatuta.
Itxasoren hitzetan, “Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila dena ematen ari da inbertsio eta apustu eraldatzaileetan, bai termino kualitatiboetan, hiriarentzat funtsezkoak diren Txomin Enea II edo Playa de Vías bezalako garapenetan lidergoa hartuta, baita termino kuantitatiboetan ere, 1.788 etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki (1.452 etxebizitza eta 336 zuzkidura-bizitoki) ingururen eraikuntza programatuta eta aurrekontutan jasota datozen 5 urteetako atalasean. Playa de Vías-en kasuan, etxebizitza berriak eraikitzeaz gain (% 50 36 urtetik beherako gazteentzat), Eusko Jaurlaritzak lurzorua ematen du eta hiria ehundu nahi duen hirigintzako soluzio bat diseinatzeko lidergoa hartzen du bere gain, bizitegi-espazioak, berdeguneak, ekipamenduak eta oinezkoentzako loturak konbinatuko dituen garapen-eredu bat bultzatuta. Sailak sustatutako ideia-lehiaketaren helburua izan da proposamenek errespetatzea Donostiako hiriaren historia eta identitatea, gune ikoniko batean bildua, topoaren lurperatzeari eta, ondorioz, 21.000 m2-ko lurzorua azaleratzeari esker berreskuratuko duguna”.
Eneko Goia alkatearen ustez, “eremu honen garapena Topoaren trenbide-pasagunearen proiektuak hiriari bere azaleran hobekuntza eta eraldaketa ekarriko dizkiola erakusten duen adibiderik onena da”. Goiak adierazi duenez, Playa de Vías urbanizatzea Udalak “mimoz zaindu nahi duen zerbait da, izan ere, funtsezko pieza da, josi egingo baitu hiria, Erdialdea-Easo eta Amara Zaharra eremuak Amara berrirekin lotuta”. Hala, adierazi duenez, lehiaketak “trenbideak berak baino espazio handiagoa hartzen du, plangintza osatua eta handinahiagoa egin nahi izan dugulako”. Alkateak adierazi duenez, Udalak “idatzi eta onartu beharko du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, eremuaren garapena ahalbidetuko duena, eta hori Eusko Jaurlaritzarekin adosten ditugun irizpideen arabera egingo da”. Goiak adierazi du aukera bat dela hiria sortzeko, etxebizitza sortzeko, baina baita kalitatezko espazioak, ekipamendu publikoak eta parkeak irekitzeko eta mugikortasun-soluzioak emateko ere, hirian sartzeko eta irteteko trafiko fluxu berriak planteatu ahal izango baitira horrela”.
Lehiaketa irekia eta parte-hartzailea
Lehiaketa publikoak zazpi proposamen jaso zituen guztira, eta kopuru horrek aniztasun eta aberastasun kontzeptual nahikoa ematea lortu du, hiri-eremu horren etorkizunari buruzko eztabaida sakona elikatzeko. Proposamenak epaimahai espezializatu batek aztertu ditu, eta irizpide arkitektonikoak, sozialak, ekonomikoak eta urbanistikoak baloratu ditu, kalitate teknikoa, berrikuntza eta ingurunearekiko sentsibilitatea sarituta.
Honako hauek osatu dute epaimahaia: Haritz Orruño Erauskin, Donostiako Udaleko arkitektoa; Jon Chavarri Sarasua, Donostiako Udaleko Hirigintzako zuzendaria; Ohiana Santolaria, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialako arkitektoa; Jon Andoni Begiristain, EHUko Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria; Sonia Puente Landazuri, Hirigintzan arkitekto aditua; Xabier Leibar, arkitektoa; Enrique Guinea, arkitektoa eta Eusko Jaurlaritzako Lurzoruaren Kudeaketako zerbitzuburua; eta Pablo García Astrain, arkitektoa eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria, epaimahaiko lehendakari gisa jardun duena.
Emaitza gisa, bost proiektu irabazle hautatu dira, eta azken sailkapenaren araberako sariak jasoko dituzte dirutan:
Lehen saria (50.000,00 €)
[Habitar el bosque urbano – Amado Martín Padilla, Bartzelonako JPAM Estudio de Arquitectura S.L.P.]
Proposamen garaikidea, gaztea eta freskoa, eta, aldi berean, Donostiako hemeretzigarren mendeko bilbea errespetatzen duena. Parke handi eta finkatu bat eskaintzen du, baita erabilera hibridoen nahaste bat ere, potentzial handikoa etxebizitzen tipologian (400 etxebizitza inguru). Modernitatea eta errespetu historikoa uztartzen ditu, eta horrek hiri-ehunarekin hobekien egokitzen den proposamena izatera eramaten du. Bigarren fasera igaroko da.
Bigarren saria (15.000,00 €)
[Kalerik kale plazarik plaza – Ander Gortazar Balerdi eta Ibai Usandizaga, RAZ eta Usandizaga bulegoak, Donostia eta Vitoria-Gasteiz]
Proposamen erradikala eta bokazio metropolitarra duena, Europa erdialdearen (Berlin) eta Parisko Montparnasseko dorrearen erreferentziak jasota. Parke zentral handi bat proposatzen du, ibaiaren bidea lurperatzea, eta hiri-dorre bat mugarri gisa. Handinahia eta ausarta, ikuspegi berriak zabaltzen ditu hiriarentzat. Bigarren fasera igaroko da.
Hirugarren saria (12.000,00 €)
[Hari berdez hiria josi – Juan Beldarrain Santos, Beldarrain S.L.P., Donostia]
Sainz de Oizan inspiratuta, eraikin sigi-sagatsu bat aurkezten du, espazio zentral handi batekin eta ekipamenduekin parkean, hiriko bizitzaren eredu berri bat sustatuz. Proposamen oso zehatza eta errealista, etxebizitzen definizioan duen kalitate arkitektonikoagatik nabarmentzen da. Bigarren fasera igaroko da.
Laugarren saria (9.000,00 €)
[Que los árboles nos dejen ver el bosque – Cristina Acha Odriozola, Castro Urdiales]
Proposamen utopikoa eta kontzeptuala da, dorre lirainetan oinarritua, lorategiz hornitutako paisaia handi baten gainean. Etxebizitzarik onenak eskaintzen ditu orientazioari eta kalitateari dagokienez, baina antiekonomikoa da, eta ez oso bideragarria. Freskotasunagatik eta hausnarketa eragiteko duen gaitasunagatik saritzen da.
Bosgarren saria (6.000,00 €)
[Lotzenari – Patxi Larisgoitia Jauregui, Krean Sociedad Cooperativa, Arrasate]
Proiektu oso teknikoa eta ondo gauzatua, trenbide-aztarnatik kanpoko dorreekin eta Autonomia kalerantz irekitako plazekin. Kontrol tekniko eta xehetasun bikaina, baina emaitzazko irudia nahiko gogorra eta trinkoa da. Bere kalitateagatik eta ofizioagatik saritzen da.
Bigarren fase bat, behin betiko proposamena zehazteko
Saritutako bost proiektuetatik hiruk bigarren fasera egingo dute aurrera, publizitaterik gabeko negoziazio-prozesu baten bidez. Etapa honetan, bereziki ebaluatuko da talde bakoitzak honetarako duen gaitasuna:
- Herritarren partaidetza-prozesuan bildutako ekarpenak eta iradokizunak txertatzea.
- Hiriko bizitoki-beharrei eraginkortasunez erantzutea, batez ere etxebizitza babestuei dagokienez.
- Multzoaren bideragarritasun ekonomikoa eta hiri-kalitatea bermatzea.
Azken helburua da hautatutako erredakzio-taldeak HAPOren Aldaketa Puntuala eta antolamendu xehatua ikuspegi integratzaile eta jasangarriarekin garatu ahal izatea. Lehiaketa amaitu ondoren, Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, Plan Orokorraren aldaketa eta eremuaren antolamendu xehatua izapidetu beharko ditu.
Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea
Proiektuaren hasieratik, herritarren inplikazioa izan da helburuetako bat. Euskadiko Arkitektura Institutuak erakusketa, topaketa eta jarduera parte-hartzaileen antolaketa koordinatuko du. Horien bidez, herritarrekin elkarrizketa irekia sustatu nahi da, proiektuaren zuzkidurei buruzko kezkak eta iradokizunak jasotzeko aukera izateko, eta etorkizuneko azken proposamenean txertatzeko.
Era berean, bost proiektu irabazleen erakusketa Euskadiko Nazioarteko 5. Arkitektura Bienalaren off Mugak programazioaren barruan sartuko da. Aurtengo urria eta azaroa bitartean egingo da eta Easo kaleko suhiltzaileen parke zaharrean bisitatu ahal izango da, erdiguneko gune irisgarri batean, herritarrei proposamenak bertatik bertara ezagutzeko aukera emateko.
Web-orri espezifiko bat ere prestatuko da, hurrengo fasean jarraituko duten hiru proiektuetako bakoitzaren informazioan eta ezaugarrietan sakontzeko, dokumentazio teknikoa kontsultatzeko eta azken eguneratzeak ezagutzeko. Horrela, gardentasuna eta konpromiso publikoa indartu eta kanal horren bidez berriro herritarren parte-hartzea bultzatzeko.
Obren hasiera 2030erako aurreikusita dago, plangintza zaindua, koordinatua eta parte-hartzailea bermatzeko.