Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak baieztatu duenez, Euskadin eta Araban garraio publikoaren erabilerak dinamika positiboari eusten dio. Zehazki, Gasteizko tranbiak 5 milioi bidaia baino gehiago erregistratu ditu urteko lehen bost hilabeteetan, iaz epe berean baino ia % 10 gehiago. Gainera, Araban aldiriko zerbitzu berria martxan jarri zenetik hilabete igaro denean, sailburuak ziurtatu du “erabiltzaileek sentsazio onak helarazten dizkigutela”. “Erabaki politiko ona da, eta frogatzen du gauzak posible direla borondatea baldin badago”, esan du GasteizBerrin egindako elkarrizketan, eta, aldi berean, adierazi duenez, “gure betebeharra da, jendeak garraio publikoa erabiltzea nahi badugu, zerbitzu erosoak, eskuragarriak eta arrazoizko prezioan jartzea”.
Oro har, sailburuak baieztatu du “hobariek jende gehiago erakarri dutela garraio publikora”: “Garraio publikoa erabiltzen hasten zara hobariei esker ohi baino merkeagoa delako, baina onurak ikustean garraio publikoa erabiltzen jarraitzen duzu. Ez duzu adi egon behar gasolinaren prezioa igo edo jaisten den, edo non aparkatu ahal duzun”. Eta, gogoratu duenez, hobariak neurri “koiunturala” diren arren, herritarrek mugitzeko ohitura berriak hartu dituztela uste du. Ildo horretan, uztailaren 1ean hobarien eskema berria abian jarri ondoren, adierazi du Sailaren epe luzerako helburuak eredu propioa izaten jarraitzen duela, eta horrek euskal garraio publiko osoaren tarifa-integrazioa eskatzen duela. Egitura horrek, lurraldeen berezitasunak gorabehera, “garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak saritzen ditu, doako garraio-aldaketak gehituta, baita 12 urtetik beherako haurrak ere, haien doakotasuna egiturazkoa baita dagoeneko”.
Saila bultzatzen ari den azpiegiturei buruz galdetuta, Susana García Chuecak abiadura handiko trena Euskadira iristeko lanen inguruan azken hilabeteetan ematen ari diren aurrerapausoak aipatu ditu: “Mugikortasun Jasangarriaren Sailak aste batzuk barru esleituko du Arkautiko lotunea eraikitzeko proiektua, euskal Y-a lotzeko funtsezkoa. Gainera, Ministerioa aurrera doa Iruñetik Altsasurako zatian, eta lizitaziora atera du Pancorbo-Ameyugo zatia, Araba eta Burgos lotzeko zailena”. Abiadura handiak, sailburuaren iritziz, “berandu iritsi arren, nabarmen aldatuko du mugitzeko modua”.
Gasteizen egiten ari diren proiektuei dagokienez, Arabako hiriburuan aurkeztu berri duten tren-geltoki berria nabarmendu du: “Ministerioak badu gogoa, eta Udalak badu herritarren bizitza hobetzeko horren gogoa eta beharra”. Halaber, tranbia Zabalgana auzora hedatzeko proiektuaren garrantzia nabarmendu du, eta Alaba Jeneralaren kalea berriz urbanizatzea aipatu du; izan ere, datozen asteetan esleituko da kale horren eraikuntza-proiektua.