Ertzaintzak mila bat landareko kalamu-plantazio bat desegin du Urdulizen, eta bi pertsona atxilotu ditu

Getxoko mugapean droga-trafikoarekin lotuta egindako ikerketaren esparruan, Ertzaintzak Urdulizko pabiloi batean marihuana-plantazio bat kudeatzen zuten 32 eta 64 urteko bi pertsona atxilotu zituen atzo. Polizia-baliabideek mila landare inguru atzeman zituzten, eta pabiloiko argindarra sarera legez kanpo konektatuta zegoela egiaztatu zuten.

Getxoko Ertzain-etxeko agenteek egindako operatiboa polizia-aurrekariengatik ezaguna zuten pertsona baten inguruko susmoen ondorioz hasi zen.

Egindako ikerketei esker jakin ahal izan zen, susmagarriak alokatuta zuen eta Urdulizko landa-eremu batean zegoen pabiloi batetik usain handia, marihuanarena izan zitekeena, zetorrela.  Zegozkion baimenak lortu ondoren, agenteak barrura sartu ziren, eta hazkunde-fase aurreratuan zeuden 967 kalamu-landarez osatutako plantazio bat aurkitu zuten. Era berean, egiaztatu zuten landareak hazteko eta garatzeko behar ziren ureztatze automatikoko, aireztapeneko eta argiztapeneko sistemak instalatuta zeudela. Azken batean, agenteek plantazioa mantentzeko behar zen material guztia aurkitu zuten pabiloian.

Ebidentzia horien aurrean, agenteek 32 eta 64 urteko bi gizon atxilotu zituzten osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta.

Atxiloketan, pabiloiaren errentariak agenteei esan zien argindarra legez kanpo konektatuta zuela sarera, eta, zegozkion egiaztapenak egin ondoren, argindarrarekin iruzur egitea ere leporatu zioten. 

Polizia-aurrekariak dituzten bi atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten, eta gaur goizean bertan jarri dituzte agintari judizialaren eskuetan.