Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) bitartez, Kattalingune lizitazioa atera du, sexu-aniztasunean eta genero-aniztasunean espezializatutako arreta integraleko zerbitzua, LGTBI+ pertsonei, haien familiei eta eremu desberdinetako ingurune edo profesionalei zuzendua.
2016an abian jarrita, gaur egun Nafarroa osoari ematen dio zerbitzua, aurrez aurre, Iruñeko, Tuterako, Irurtzungo, Tafallako eta Lizarrako bulegoetan, bai eta bitarteko telematikoen bidez ere, aholkularitza juridikoko, sozialeko eta sexologikoko programen bidez arreta, informazioa eta orientazioa eskainiz, bai banaka, bai taldeka, eremu profesionalari bere jardueretan sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia txertatzen lagunduz eta herritar guztiek arlo horretan egindako informazio-eskaerei erantzunez.
Kontratu berriak bi hobekuntza ekarriko ditu zerbitzuan: alde batetik, arreta presentzialeko ordutegietan; eta, bestetik, bi programa berri txertatuz, kolektiboentzako, erakundeentzako eta LGTBI+ proiektuetarako arreta, eta sustapena zein sentsibilizazioa. Bi programa berri horiek aurretik ezarritako lau programei gehitu behar zaizkie: harrera eta informazioa; gizarte-arreta eta orientazioa; arreta psikologikoa eta sexologikoa; eta arreta juridikoa.
Diziplina anitzeko eta generoen eta sexologian prestakuntza duen taldea gutxienez gizarte-laneko profesional batek, psikologiako bi profesionalek eta zuzenbidearen esparruko profesional batek osatuko dute.
Kontratua formalizatu eta hurrengo egunetik 2026ko abenduaren 31ra arte iraungo du kontratuak, eta gehienez ere bost urtez luzatu ahal izango da, bi alderdiek berariaz hala adosten badute Eskaintzak aurkezteko epea abuztuaren 17ra arte egongo da zabalik.
Arreta presentziala goizez eta arratsaldez
Lurraldeen araberako arreta-kopurua aztertu ondoren, Kattalingunek foru-geografian banatuta dituen bost bulegoetan jarraituko du zerbitzua ematen, eta horietan arreta goizez eta arratsaldez bermatuko du.
Horrela, egunero arreta eskainiko da Iruñean, astelehenetik ostiralera goizez eta arratsaldez; bi lanegun Tuteran; eta astean lanegun batean irekiko da Lizarran, Tafallan eta Irurtzunen, hurrenez hurren.
Arreta-ordutegien hobekuntza horren helburua zerbitzura sartzeko erraztasunak ematea da, bai nagusiki goizez zerbitzura joaten diren profesionalei, bai gainerako herritarrei, LGTBI+ pertsonei, senideei eta kolektiboei, arratsaldez ere joan ahal izan daitezen. Horrela, zerbitzuak lurraldean duen presentzia handitu eta eremu bakoitzean erreferentzia bihurtu nahi da.
Nabarmentzekoa da, beharrezkoa izanez gero, taldeko profesionalak erabiltzaileak bizi diren herrietara joango direla. Era berean, arreta presentzialaz gain, zerbitzuak arreta telematikoa eskainiko du telefonoaren, bat-bateko mezularitzaren edo posta elektronikoaren bidez, eta arreta erdipresentziala ere bat. Modalitate hori erabili ahal izango da arreta aurrez aurre hasi eta bitarteko telematikoen bidez jarrai daitekeela uste denean, edo alderantziz.
Bi programa berri zerbitzuan
Kontratu berriarekin, Kattalingunek bi programa berri gehituko dizkio bere zerbitzu-katalogoari. Alde batetik, LGTBI+ Kolektibo, Erakunde eta Proiektuei Arreta emateko Programa, sexu- eta genero-aniztasunaren alde lan egiten duen gizarte- eta elkarte-ehunari arreta emango diona, haren hazkundez sustatuz eta lurraldeetan LGTBI+ eskubideak sustatzeko jarduerak eta programak garatzeko aholkuak emanez.
Bestetik, Sustapen- eta Sentsibilizazio-programa. Programa horren helburua izango da zerbitzua eta haren ekintzak ezagutaraztea, hedapen- eta sentsibilizazio-programetan parte hartuz, materialak diseinatzen lagunduz eta sexu- zein genero-aniztasuna sustatzeko kanpainak zabaltzen lagunduz.
Bi programa horiek dagoeneko martxan dauden lau programei gehitu behar zaizkie. Zerbitzura sartzeko atea Harrera eta Informazio programa da. Sexu- eta genero-aniztasunari, gaiari buruzko araudiari eta Kattalinguneko zerbitzuei buruzko informazioa eskaintzen du. Erabiltzaileei harrera eta ongi etorria emateaz arduratzen da, eta horretarako, hasierako balorazioa egiten du eta erabiltzaileen beharrak eta eskaerak hautematen ditu. Beste baliabide batzuei buruzko informazioa ere eskaintzen du, eta, behar izanez gero, horietarako laguntza ere bai.
Gizarte Arreta eta Orientazio programak banakako arreta eskaintzen die erabiltzaileei, familiei eta hurbilekoei, bakoitzaren egoeraren arabera; Banakako Arreta Planaren diseinu profesionalaz arduratzen da, beste gizarte-baliabide batzuetara modu koordinatuan bideratzeaz, eta beharrezkoa izanez gero, beste profesional batzuekin izapideak eta elkarrizketak kudeatzen laguntzeaz.
Laguntza psikologiko eta sexologikoko programak sexu-aniztasunari eta genero-aniztasunari buruzko aholkularitza psiko-sexologikoa eskaintzen du, bai eta elementu psiko-emozionalei buruzko orientazioa eta familiarekiko eta ingurunearekiko esku-hartzea ere, beharrezkoa denean. Transbidearekin koordinatzen ditu, halaber, hala eskatzen duten trans pertsonen kasuak, eta elkarri laguntzeko taldeak sortzea sustatzen du.
Azkenik, Arreta Juridikoaren programak LGTBI+ pertsonen eskubideei eta sexu- zein genero-aniztasunarekin lotutako beste gai batzuei buruzko aholkularitza, informazio eta orientazio juridikoa jaso dezaketen eskaerei erantzuten die. Sexu-orientazioagatiko edo sexu-identitateagatiko edo genero-identitateagatiko eraso edo gorroto-delitu baten salaketa-prozesuari buruzko informazioa ematen da, dauden baliabideei buruzkoa, nazioarteko babes-neurriak eskatzen dituzten pertsonak orientatzen eta laguntzen dira, eta beharrezkoa izanez gero, Nafarroako Abokatuen Elkargoari jakinarazten zaio, hala dagokionean.
LGTBI+ Pertsonen Berdintasunerako Foru Legean jasotako zerbitzua
Nabarmendu behar da zerbitzu hori LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako 8/2017 Foru Legean jasota dagoela, eta bertan zehazten dela beharrezkoa dela “LGTBI+ pertsonei arreta emateko zerbitzu publiko bat egotea, langile espezializatuek artatua, non modu berezian artatuko baitira sexu-identitate eta orientazioarekin lotutako gaiak”.
Esku-hartze profesionala berdintasun-printzipioan oinarrituko da, LGTB+ pertsona guztiak inolako diskriminaziorik gabe tratatuko direla ziurtatuz eta pertsona guztiek eskura dituzten baliabideak eta zerbitzuak modu osoan eta baldintza berdinetan eskuratzeko duten eskubidea bermatuz.
INAI / NABIk dituen datuen arabera, 2019az geroztik zerbitzuak 3.133 arreta eman ditu guztira; horietatik % 24 inguru 2024an.