eLankidetzak ia 4 milioi eurorekin bost estrategia humanitario babestuko ditu

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, ia 4 milioi euro bideratuko ditu ekintza humanitarioko estrategietara Etiopian, Malin, Kolonbian, Sirian eta Palestinan. Artatuko diren krisien artean, Malikoa da Europar Batasuneko krisi ahaztuen azken zerrendan dagoena. Estrategiek, krisietan dauden biztanleak laguntzeko ez ezik, bertako erakunde humanitarioak indartzeko ere balioko dituzte.

Euskal zein tokiko erakundeek egiten duten lanari esker, eLankidetzak ekintza humanitarioko bost estrategia babestuko ditu. Laguntza horiek balioko dute Nazio Batuen Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Agentziak (UNRWAk) Sirian errefuxiatuta dauden emakume palestinarrei osasun arreta emateko, enplegurako lanbide heziketa eskaintzeko edota zentro komunitarioak hornitzeko. Bakerako Lankidetza Batzarrak (BLB/ACPP), aldiz, Society of the Agricultural development (PARC), Psycho Social Counseling Center for Women (PSCCW) eta Palestinian Hidrology Group (PHG) erakunde palestinarrekin batera, babes integrala eskainiko die Nabluseko biztanleei; besteak beste, ur eta saneamendurako sarbidea izateko,  elikagaiak eskuragarri izateko eta lurrak birgaitzeko edo hiru erakundeen gaitasunak sendotzeko.

Beste estrategia bat izango da Alboan eta Kolonbiako eta Costa Ricako Servicio Jesuita a Refugiados erakundeek kudeatuko dutena. Helburua izango da Darienetik Amerika Erdirako bidean dauden lekualdatze behartutako pertsonei laguntzea. Babes juridikoa eta psikosoziala, kit humanitarioak edo modu seguruan migratzeko informazioa eskainiko diete, besteak beste. Halaber, estrategiak bi erakundeak indartzea eta komunikazio ekintzak bultzatzea jasotzen du.

Babestutako bi estrategia, gainera, Afrikan gauzatuko dira. Lehenengoa, Mundubat eta Coordination National des Organisations Paysannes du Mali (CNOP) erakundeek garatuko dute. Estrategiak aurreikusten du, besteak beste, Bamakon dauden gatazka armatuaren ondorioz lekualdatutako pertsonei janaria, higienea edo segurtasuna eskaintzea, eta tokiko erakundea generoan edo segurtasun arloan indartzea.

Bigarrena Farmamundik eta Women Empowerment-Action erakundeek bultzatuko dute Etiopiako Tigray eta Amhara eskualdeetako gatazketan. Estrategiari esker, besteak beste, osasuna, elikagaiak eta segurtasuna, sexu-indarkeriaren erantzuna eta generoan oinarritutako erantzuna eskainiko zaizkie eraginpeko herritarrei, edo ingurumen-ikuspegiari edo estresaren kudeaketari buruzko prestakuntza tokiko erakundeari.

Ekintza humanitarioko laguntza gehiago

Aurten, eLankidetzak UNRWAk Libanorako egindako larrialdi deiari erantzun dio 250.000 eurorekin. Zenbateko horrek Beiruteko periferian errefuxiatuak dauden 6 eta 12 urte bitarteko 2.017 haurrei hezkuntza eskaintzeko balioko du. Gainera, eLankidetzak 250.000 euro bideratu ditu nazioarteko erakundeak Libanon duen Siblineko Lanbide Heziketako Zentrora. Dirulaguntza Lankidetzarako eta Elkartasunerako  Euskal Agentzia Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin batera gauzatzen ari den  UNRWAko LHko Programa indartzeko ekimenaren parte da.

Errefuxiatu palestinarrei zuzentzen zaien laguntzaren harira, eLankidetzak Addameer erakundea babestu du 78.000 eurorekin. Erakunde palestinarrak doako babes legala eskaintzen die presoei eta haien eskubideak defendatzen ditu.

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak babesten duen beste krisi bat Mendebaldeko Sahara da. Saharar errefuxiatuek ez dute landu daitekeen lurrik, diru-sarrera iraunkorrak sortzen dituzten jarduerarik edo merkatu funtzionalik; beraz, elikagai-laguntzaren mende daude. Horregatik, eLankidetzak 200.000 euro zuzendu dizkio Saharako Ilargi Gorriari, eta, gainera, erakunde humanitarioaren arlo teknikoa eta estrategikoa indartzeko ere balioko du.

Era berean, eLankidetzak Acción Contra el Hambre erakundeari babesa ematen jarraituko du elikadura-segurtasuna babesteko, lotura hirukoitzeko ikuspegiarekin –ekintza humanitarioa, garapena eta bakea−, eta, horretarako, 100.000 euro emango dizkio.

Azkenik, eLankidetzak 250.000 euroko zuzeneko ekarpena egingo dio Nazio Batuen Larrialdi Kasuetarako Ekintzarako Funts Nagusiari (CERFi). Funts global horrek 48 ordu baino gutxiagoan erantzuten die, besteak beste, Hegoaldeko herrialdeetan izandako gatazka edo hondamendi naturalek eragindako larrialdi humanitarioei.